Latxartegi parkea berritze bidean beste urrats bat egin du Legazpiko Udalak
Salaberria Ingeniaritzak eta Juntura Kooperatibak urbanizazio proiektua idatzi dute.
Legazpiko Latxartegi parkea berritzeko proiektuaren infografia bat. Legazpiko Udala Legazpiko Udalak Latxartegiko parkea berritze bidean beste urrats bat egin du. 2024ko irailean parkearen ingurua biziberritzeko parte-hartze prozesuari ekin zion udalak. “Prozesu bizia eta oso aberasgarria” izan zen, eta han herriko hainbat eragilek parte hartu zuten, baita eremuan bertan eta Legazpin bizi zirenek ere.
Prozesu horren emaitza oinarri hartuta, Salaberria Ingeniaritzak eta Juntura Kooperatibak urbanizazio proiektua idatzi dute. “Hurrengo hilabeteetan egikarituko dugun proiektu honen bidez, egindako parte-hartze prozesuaren ondorioa exekutatu eta ingurune fisikora eraman nahi da, beti ere Latxartegi eremua biziberritzeko misioarekin”.
Hiru dira proiektuaren helburu nagusiak. Lehena, espazio publikoaren irisgarritasuna eta funtzionaltasuna hobetzea, oinezkoentzako ibilbide irisgarriak eginez eta, horrela, plazaren eta inguruko ekipamenduen arteko lotura hobetuz. Bigarrena, adin guztietako pertsonentzako zein talde ezberdinentzako egonaldi, jolas eta harreman-guneak sortzea. Baita jolas-gune estali bat ere. Eta hirugarrena eta azkena, diseinu jasangarriko eta klima-aldaketara egokitzeko irizpideak txertatzea, plaza udalerriaren barruan klima-babesleku gisa eratzen laguntzeko.
Proiektu honekin batera, Latxartegi parkearen inguruko eraikin publikoetan geotermia bidezko berokuntza-sare bat instalatzeko beste proiektu bat ere egingo dela aurreratu du udalak: “Honen helburu nagusiak dira energia berriztagarrien erabileran eta emisioen gutxitzean aurrerapauso nabarmen bat ematea”.

Legazpiko Latxartegi parkea berritzeko proiektuaren beste infografia bat.Legazpiko Udala













