Urmuga ere poltsikora
Zegamako Amezti mendi elkarteko kideek Urmuga proiektuaren azken etapa egin dute asteburuan. Hurrengo urteetarako erronka berriak pentsatzen jarrita daudela aurreratu dute.
Ameztikoak Txarlazo mendian larunbatean, Urduñako amabirjinaren irudiarekin, Urmuga proiektuko azkeneko etapan. Amezti Beste proiektu handi bat amaitu dute Zegamako Amezti mendi elkarteko kideek asteburuan. Urmuga edo Euskal Herriko uraren banalerroa izenez ere ezagutzen den bidearen azken etapa burutu zuten larunbatean, GR-12 ibilbidean. Azken etapa Urduña (Bizkaia) eta Angulo haitzaren (Burgos) artekoa izan da.
2018an eman zioten hasiera proiektuari Pirinioetako San Martingo Harrian (Belagua, Nafarroa). Ordutik, ekialdetik mendebaldera zeharkatu dute Euskal Herria, uren banalerroa jarraituz. Hasierako urteetan asteburuko 2 etapa burutzen zituzten, baina azkenerako urtean bat egin dute. Guztira 340 km inguru egin dituzte, 16 egunetan banatua.
Elkartetik azpimarratu dutenez, partaideak “oso gustura” ibili dira ibilaldietan zehar eta paisai ederrak ikusteko aukera izan dute, nahiz eta, eguraldiak kasuren batzuetan lagundu ez.
Gipuzkoako Bira
Urmuga ez da Zegamakoek aurten amaitu duten proiektu bakarra; batera egiten aritu baitira Gipuzkoako Bira izenekoa ere. Bederatzi urteren ondoren, pasa den martxoan amaitu zuten 15 etapa egin eta gero. Aurreratu dutenez, hasita daude hurrengo urteetarako beste erronkaren bat pentsatzen.

Urmuga proiektuko lehenengo etapa amaitu berritan Isaban (Nafarroa), 2018an. AMEZTI













