500 korrikalaritik gora igandeko Axari Trail mendi lasterketan
105 emakumezkoak dira eta 125 idiazabaldarrak. Errekorren urtea izan daitekeela uste du antolakuntzak.
XII. Axari trail lasterketaren irteera, gaur goizean, Idiazabalgo plazan.Iñaki Gurrutxaga Idiazabal Kirol Elkarteak antolatutako 13. Axari Trail-Mikel Garmendiaren oroimenezkoa igande honetan jokatuko da. Aurten ere, 500 korrikalariren langa gainditu da izen ematean —gaur da azkeneko eguna— eta dagoeneko itxaron zerrendak irekita daude Axari Trail Txiki eta Axari Trail lasterketetan.
Korrikalariak 9:30ean abiatuko dira plazatik, laburrekoak eta luzekoak denak elkarrekin. Ibilbideetan ez da aldaketarik izango, hala proba laburrak 16 kilometro eta +750 desnibel positiboa izango ditu eta luzeak 25,4 kilometro eta +1.550 metroko desnibel positiboa. 300 korrikalari aterako dira lasterketa laburrean; 75 emakumezkoak eta 200 luzean, 30 emakumeren parte hartzearekin. Korrikalari idiazabaldarrak parte hartzaile guztien laurdena izango dira, 125 bat guztira. Bi lasterketak Goierri Kopa Traileko hamargarren proba puntuagarriak izango dira.
Azkeneko urteetan haziz joan den lasterketa da Axari Trail. Parte hartzeari dagokionez, arrakasta hasieratik izan duen arren, azken hiru urteetan gainditu dute aurrez zehaztutako 500 korrikalariren muga izen ematean: «Motza beti bete izan da, baina luzean izan dira osatzeko azaroak urte batzuetan», aitortu du Mikel Mendizabal Idiazabal Kirol Elkarteko kideak.
Errekorren urtea?
Emakumezkoen parte hartzeak ere gorako joera du azken urteetan. Aurten 105 izango dira guztira, «lasterketa luzean errenago geratzen da beti emakumeen presentzia», dio Mendizabalek.
2014an finkatu ziren Axari Traileko errekorrak eta ordutik ez ditu inork hobetzerik lortu. Aurten, errekor berrien urtea izan daitekeela uste du antolakuntzak, «izen garrantzitsu batzuk badatoz eta lokatzik egongo ez denez, korrika egiteko baldintzak aproposak izango dira».
Lasterketa luzean Gontzal Murgoitiko iazko irabazlearen parte hartzea ziurtatuta dago eta Ibai Larrea, Ander Iñarra edo Hodei Samaniego ere azpimarratu ditu Mendizabalek gizonezkoetan eta Julen Balerdi herritarra ere «indartsu» ikusten dute antolatzaileek. Lasterketaren irabazle izandako Onditz Iturbe ere izango da emakumezkoetan, baita iazko podiuma osatu zuten Irati Larrañaga eta Adirane Peñagarikano urretxuarra ere.
Motzean, Josu Urrestarazu herritarra, Azidane Elhamidi zegamarra edo Jon Vallejo eta Nora Anton, Maite Etxezarreta eta Maddi Intxausti ere aipatu ditu.
Sari banaketaren ostean 800 lagunentzako bazkaria eskainiko dute Igarondo pilotalekuan. Sarrerak salgai daude Batzokian, 6 euroan eta aurrez amaitzen ez badira, baita egunean bertan ere.













