Aramako GAP eta pilates ikastaroetan izena emateko azken eguna, bihar
Izen-emate orria bete, sinatu eta udaletxera eraman beharko dute aramarrek, edo postontzian utzi. Gutxieneko zortziko taldea lortuz gero, irailaren 14an hasiko lirateke.
Ikasturte berria martxan da eta aurtengoan ere Aramako herritarrek GAP eta pilates ikastaroak eskuragai izango dituztela iragarri du udalak. Dagoeneko ezarri dituzte ikastaroen ordutegiak, baina martxan jarri ahal izateko, gutxienez 8 laguneko taldea osatu beharko da. GAP ikastaroa astelehen eta asteazkenetan izango litzateke, 19:30etik 20:30era, eta pilatesa, berriz, astearte eta ostegunetan, ordu berean. Gutxieneko kopurua lortuz gero, biak irailaren 14an hasiko lirateke.
Plaza kopurua baina eskari handiagoa egonez gero, Araman erroldatutako pertsonek izango dute lehentasuna, eta gainerakoen artean zozketa egin beharko da, plazak bete arte. Hala, izena ematerakoan, partaideek ikasturte osorako konpromisoa hartzea beharrezkoa izango dela nabarmendu du udalak: «Horregatik, ekainera arteko kuota guztiak kobratuko dira, eta ez da ikasturtean zehar bajarik onartuko». Ikastaro bakoitzaren prezioa 30 eurokoa izango da hilean.
Hala, bihar izango da ikastaroetan izena emateko azken eguna, irailaren 9an. Udalak interneten eskuragai jarri duen inprimakia bete eta sinatu beharko dute izena eman nahi duten herritarrek, eta ondoren, udaletxean zein bertako postontzian utzi.













