2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileetako bigarren fasea zabalik
142 proposamen aurkeztu ziren lehen fasean, eta Lazkaoko Udalak horietatik 6 proiektu hautatu ditu. Udalak 100.000€-ko aurrekontua bideratuko du hiru proiektu bozkatuenentzako.
2027ko Aurrekontu parte-harztailearen bigarren fasea irekita.Lazkaoko Udala Lazkaoko Udalak 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileen bigarren fasea martxan da eta irailaren 30ean itxiko da bozkatzeko epea. Lehen fasean, lazkaotarrek 142 proposamen aurkeztu zituzten guztira, eta udaleko zerbitzu teknikoek egindako azterketa-prozesuaren ostean, 6 proiektu hautatu dira azken fase honetarako: Orobione Adinekoen Zentroko altzariak berritzea eta klimatizazio-sistema bat instalatzea; Haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberriaren dolua bizi duten familientzako laguntza eta babesgune bat sortzea; Meandroan zuhaitzak eta bankuak jartzea; Kiroldegi aurrean estalitako bizikletentzako aparkaleku bat jartzea; Udal ikasketa-gelan klimatizazio-sistema instalatzea; eta San Prudentzio auzoan igogailu bat jartzeko azterlana eta proiektua idaztea.
Aipatutako 6 proiektuez gain udalak dio padel pista eta ur-jolas parkea herritarren babes gehien jaso dituzten bi proposamenetakoak izan direla. Baina, horiek gauzatzeko beste aukera batzuk aztertzen dabil udala. Izan ere, horien kostuak Aurrekontu Parte-hartzaileetako aurtengo aurrekontua gainditzen duelako.
Bozkatzeko baldintzak
Parte hartzeko Lazkaon erroldatuta egotea eta 16 urte baino gehiago izatea beharrezkoa da. Bozkatzen duten herritarrek 6 proiektu horietatik 3 aukeratu eta bakoitzaren lehentasun-ordena jarri beharko diotela azaldu du udalak: “1 zenbakia gehien gustatzen zaion edo lehentasunezkotzat jotzen duen proiektuari eman beharko dio, 2 zenbakia bigarren aukerari eta 3 zenbakia hirugarrenari “.
Bi modutan bozkatzeko aukera dago internet bidez edo aurrez aurre. Udalaren webgunean eskuragarri dago formulario digitala: https://labur.eus/AurrekontuPartehartzaileakLazkao20272. Bestela, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 19:00etara udaletxeko erakusketa gelan dago bozkatzeko kutxa.













