ELKARRETARATZEA. Lehorteari aurre egiteko neurriak eskatu ditu EHNE sindikatuak Ordizian
Pausoak eman ezean, irailean mobilizazioak iragarri dituzte Gasteizen eta Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzetan. Baserritar izan edo ez, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du EHNEk: "Guztion indarra beharrezkoa delako".
Gipuzkoako EHNEko ordezkariak lehorteari aurre egiteko neurriak eskatzeko elkarretaratzean, Ordiziako Euskal Jaietako azoka berezian.Iñaki Gurrutxaga Gipuzkoako EHNE sindikatuak elkarretaratzea egin du Ordiziako Euskal Jaietako azoka berezian, Arboledan, lehen sektorearen egoera ikusarazi, salatu eta instituzioei neurriak eskatzeko.
Lehen sektoreak jasaten duen egoera “aspalditik oso larria eta latza” da sindikatuaren esanetan, prezio baxuengatik, eta azkenaldian egoerak okerrera egin du lehorteagatik. Lehorteak “mundu guztiari eragiten” diotela adierazi dute. Batetik, baserri askori etxeko iturria agortu edo murriztu zaiela eta ur arazo handiak izaten ari direla agertu dute. “Ez daukate uraren oinarrizko eskubidea bermatuta”. Eta bestetik, ganaduaren ur eta janari beharrak handitu dira: “Lehengai hauek neguko erreserbetatik aurreratzen ari gara edota erosketa gehiarriak egiten”. Bazkaren prezioa “disparatu” egin dela salatu dute. “Ondorio zuzena, galerak handitzea da”.
Egoera horren aurrean, Gipuzkoako EHNE zenbait neurri lantzen ari da. Batetik, instituzioekin hitz egin du. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiari diru laguntza zuzenen eskaria egin zion “gainkostuei aurre egiteko bazka erosketan eta belardietan egin beharreko ereintzak laguntzeko”. Jaurlaritzak bazka erosketa bateratua egitea baztertu zuen.
Bihar aldundiarekin bilera egingo dute, “beharrezko diren laguntza zuzenekin eta baserrietako ur hornidura bermatzeko bere bitartekoak udal edo herritarren eskura jar ditzaten”.
Imanol Pradales lehendakariarekin bilera ere eskatu dute, eta diotenez, Amaia Barredo nekazaritza sailburuak “lehortearen aurrean inolako neurririk ez du hartu nahi, lehorterik dagoenik ere ukatzera iritsi delarik”.
Jarrerak aldatu edo pausoak eman ezean, irailean mobilizazioak iragarri dituzte Gasteizen eta Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzetan. Baserritar izan edo ez, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du EHNEk. “Guztion indarra beharrezkoa delako”.













