Ardanbidetan, giro bikaina eta lehen arbastu jaurtiketa
Kimuberri elkarteak antolatutako erromeriak, herritar ugari elkartu zituen aterpe horren inguruko zelaietan, igande goizean. Joseba Telleria, Ana Lezkano eta Kerman Irastortza izan ziren arbastua urrutien bota zutenak eta txapelketaren irabazleak.
Festa giro bikaina eta arbastu-jaurtiketa txapelketaren estreinaldi arrakastatsua izan dira aurtengo Ardanbidetako erromeriaren ikur nagusiak. Kimuberri kultur elkarteak antolatuta, eta azken urteetan bezala urriko azken igandeko hitzorduari helduz, herritar ugari elkartu ziren aterpearen inguruko zelaietan.
Herriko giroa indartzea, euskal kulturaren eta ohituren inguruko topagunea sortzea eta herritarren arteko harremanak sustatzea ziren erromeriaren helburuak, eta horren guztiaren lorpenean saldak eta txorizoak, zaldi paseoek, arku tiro saioek, herri kirol jolasek, musikak, eta aurtengo berritasun handia izan den arbastu jaurtiketak lagundu dute.
Arbastu jaurtiketa, lehen aldiz
Lehen aldiz egin da aurten arbastu edo burdin-totxo jaurtiketaren txapelketa. Mirandaolako burdinolatik propio eramandako arbastua urrutien botatzea zen txapelketa irabazteko egitekoa.
Garai batean uda garaian, Otañu aldean burdingaiak arbastu bihurtzen zituzten. Horretarako, lehengo burdingaia kaltzinazio eta erredukzioz agoa bihurtzen zuten, eta ondoren, agoa forjaketa lan bitartez arbastu edo burdin totxo bihurtzen zuten. Olagizonek arbastu horiek Mirandaolako burdinolara jaisten zituzten. Arbastu horietako izan zen Ardanbidetako zelaietan jaurti zutena.
Txapelketa hiru kategoriatan banatu zuten. Emakumezkoetan, hamar partaidek parte hartu zuten, eta Ane Lezkanok irabazi zuen, lau kilo inguruko pisua zuen arbastua 7,46 metrotara jaurtita. Gizonezkoetan Joseba Telleria izan zen irabazlea, beste hamar partaideren artean, 15,56 metroko jaurtiketarekin. Haurren kategorian zazpi partaide izan ziren, eta Kerman Irastortzak irabazi zuen 4,77 metroko jaurtiketarekin.
Txapelketa honek ikusmin handia sortu zuen, eta izandako erantzuna ikusita, erromeriaren antolatzaileek errepikatzeko asmoa agertu dute.
ARGAZKIAK: Kimuberri elkartea














