Gau Beltza ospatzeko proposamenak luzatu ditu Legazpiko Udalak
Egitarau berezia prestatu du urriaren 30erako eta 31rako. Gaztetxeak ere ospatuko du eguna, kontzertu batekin.
Gau Beltzak ospakizun ofiziala izango du aurten lehenengo aldiz Legazpin. Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu ostiralerako eta larunbaterako, urriak 30 eta 31, herritar guztiei zuzenduta.
Egitarau ofizial horretatik kanpo, Gaztetxean ere izango du oihartzuna ospakizun horrek, musika ardatza hartuta.
Udalak prestatutako egitaraua
“Azken aldian herriko gurasoen aldetik jasotako eskaera eta proposamenei erantzuna emanez, lehenengo aldiz antolatu dugu herri mailako egitarau berezi bat herritar eta familia guztientzat”, azaldu dute udal ordezkariek. Urriaren 30a eta 31 hartzen dituen egitaraua da.
Ospakizunari hasiera emateko, ostiralerako nerabeei zuzendutako ekintza bat prestatu dute, “merendola beldurgarria eta Ongi-Etorri Festa”. DBH 1eko ikasleentzat prestatutako ekitaldia da, eta 16:30etik 18:30era izango da.
Larunbaterako, berriz, “herritar eta familientzako hitzordu nagusia” izango da, Azokan. 17:00etatik 19:00etara Iluntasunaren Kandelak ikastaro-tailerra egingo da, 18:30ean hasiko den txokolate banaketarekin amaitzeko. Ondoren, disko festa “terrorifikoa” ospatuko da, 20:00ak arte.
Gaztetxean, kontzertua
Gaztetxean, bitartean, musika ardatz izango duen ospakizuna antolatu dute larunbat gauerako. Oxida, Hilotz eta Couture taldeek kontzertua eskainiko dute 22:30ean hasita.
Oxida taldeak bere azken lana aurkeztuko du emanaldian, Absolucion izenekoa. Hilotz, berriz, thrash, death eta black metal estiloak uztartuz “berriz ere egurra banatzeko” presta agertuko da ondoren. Azkenik, Bermeoko Couture izango da oholtzan, hardcore musikarekin.












