Metalgintzako enpresetan lan hitzarmenak sinatzeko ekimenen barruan, Olaberriko Hine lantegiaren aurrean kateatu ziren lau ordezkari sindikalek Tolosako Auzitegian deklaratu behar izan dute, gaur goizean. Gertakaria ekainaren 21ko goizean izan zen, LAB sindikatuak burutu zuen protesta batean. Metalgintzan deitutako greba sortaren hirugarren eguna zen, LABek, CCOOk eta UGTk deituta. Hineko bulegoen parean —Adegiko lehendakari Pello Gibelalderena da–, sarreran katez lotu zuten euren burua lau lagunek.
Metalgintza arloko hirugarren greba eguna egiten ari dira gaur Gipuzkoan, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Gaurko antolatu dituzten mobilizazioen artean, Adegiko buruaren enpresan elkarretaratzea egin dute hogeita bost bat langilek, LABek deituta. Gainera, lau lagun kateatu egin dira Hine enpresako sarreran. Ertzainak etorri eta kateak ebaki dizkiete. Arazorik egon ez bada ere, tentsio uneak izan dira, ertzainak protestan ari ziren langileei atzera egiteko eskatu dienean. Hine enpresan bildu badira, haren jabea "negoziazio kolektiboan ardura gehien duen pertsonetako bat" delako izan dela azaldu du LABeko Joxe Mari Mujikak.