Krisiak gogor jo ditu enpresa txiki eta ertain asko, horietako batzuk, Goierriko industria sarean oso errotuta zeudenak. Ia 60 urteko ibilbidea egin eta gero, ehun langile izatera iritsi zen Ormaiztegiko Letag enpresak ateak itxi zituen 2012an, erregulazio espediente baten eta hartzekodunen lehiaketan sartu eta gero. Orduan 35 langile ari ziren bertan. Langile haietako askok, kalegorrian gelditu ordez, kooperatiba bat sortu eta enpresaren ordura arteko jardunarekin jarraitzea erabaki zuten. Horrela sortu zen Leberri.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Ormaiztegi eta Mutiloa bisitatu ditu, bertako errealitatea ezagutzeko. Bi herri horien beharrak zeintzuk diren jakin du, alkateen eta herritarren eskutik. Garitanorekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat kide izan dira bisitan Goierrin: Peio Gascon Lurralde Antolaketarako zuzendaria, Txelo Perez Ezinduen eta Desgaituen Laguntzako zuzendaria, Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendaria, Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendaria, Asier Sarriegi Kiroleko zuzendaria, Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaria, Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendaria eta Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua.