Martin Garitano ahaldun nagusiak Ormaiztegi eta Mutiloa bisitatu ditu
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Ormaiztegi eta Mutiloa bisitatu ditu, bertako errealitatea ezagutzeko. Bi herri horien beharrak zeintzuk diren jakin du, alkateen eta herritarren eskutik. Garitanorekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat kide izan dira bisitan Goierrin: Peio Gascon Lurralde Antolaketarako zuzendaria, Txelo Perez Ezinduen eta Desgaituen Laguntzako zuzendaria, Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendaria, Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendaria, Asier Sarriegi Kiroleko zuzendaria, Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaria, Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendaria eta Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Ormaiztegi eta Mutiloa bisitatu ditu, bertako errealitatea ezagutzeko. Bi herri horien beharrak zeintzuk diren jakin du, alkateen eta herritarren eskutik. Garitanorekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat kide izan dira bisitan Goierrin: Peio Gascon Lurralde Antolaketarako zuzendaria, Txelo Perez Ezinduen eta Desgaituen Laguntzako zuzendaria, Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendaria, Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendaria, Asier Sarriegi Kiroleko zuzendaria, Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaria, Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendaria eta Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua.
Ormaiztegiko udal korporazioak eta udaleko langileek ongi etorria egin zieten udaletxean eta handik Leberri kooperatibara joan ziren. Enpresa hau itxi egin zuten eta langileek ireki zuten berriro. Orain arte egindako lanaren berri eman zioten Garitanori.
Leberritik Cespa enpresaren zabortegira joan ziren. Ondoren, Barduliarrak elkartean bazkaldu zuten. Bertako bazkideek prestatu zuten bazkaria.
Arratsaldean, Ormaiztegiko pilotalekua eta ikastetxea bisitatu zituzten eta Mutiloara joan ziren. Bertan, Errotatxo eraikina bisitatu zuten eta goi tentsioko linearen aurkako plataformako kideekin elkartu ziren.
Bukatzeko, Ormaiztegira itzuli ziren. Lehenengo gaztetxea bisitatu zuten eta ondoren bi herrietako herritarrekin bilera egin zuten kultur etxean.
Ahaldun nagusiak komunikabideekin hitz egiteko tartea ere hartu zuen, bazkalostean. Gobernura heldu denetik herri asko bisitatu dituela esan zuen: «Egun osoko bisitak egiten ditugu, udalerrietako errealitatea gertutik ezagutzeko. Eragile sozial, ekonomiko eta politikoekin elkartzen gara».
Arlo ekonomikoari dagokionez, Ormaiztegin Leberri enpresa bisitatu zuten eta Mutiloan Cespa. «Leberriri dagokionez, krisi garaian itxi zen enpresa bat, langileek berreskuratu egin dute eta aurrera ateratzen ari dira. Euren ekimena eredugarria da», azaldu zuen Garitanok.
Cespa enpresan egiten duten lana ere ezagutu zuen. Ormaiztegiko Udalak bertara doazen kamioiak herrigunetik pasatzeari uztea nahi du eta Rosa Urkia alkateak hala jakinarazi zion atzo ahaldun nagusiari.
Goi tentsioko linea berriaren aurkako plataformako kideekin ere elkartu ziren. «Gai honekiko oso sentsibleak gara, azpiegitura erraldoien aurka baikaude. Eskuduntzak oso banatuta daude eta gai horretan ez dugu asko egiterik, baina zeharka beti dago zer edo zer egiterik. Babes politikoa eskaintzeaz gain, gure zerbitzu teknikoak euren zerbitzura jar ditzakegu, eta debate hori arrazionalizatzen lagundu».
Atzoko bisitaren beste helburuetako bat aldundia herrialde guztiarena dela erakustea izan da. «Herritar batzuei Aldundia Donostiako gauza bat dela iruditzen zaie, eta ez da hala. Gipuzkoar guztiona da eta noizean behin jauregitik atera beharra dago hori erakusteko».
Goierri ondo ikusten duela esan zuen. «Gure gobernuan herrialde osoko kideak gaude. Ikerne Badiola, adibidez, Zumarragakoa da. Goierri oso garrantzitsua da guretzat. Gipuzkoa herrialde nahiko orekatua da, baina krisiak eskualde batzuk bereziki zigortu ditu eta Goierrik pisu berezia du Gipuzkoako ekonomian».
Alkateen esanak
Ormaiztegiko eta Mutiloako alkateak ere «gustura» ageri ziren. Biek argi utzi zuten atzoko bisita ez zela eskariak egiteko antolatu, baina ez zuten euren herrietako beharren berri emateko aukera galdu. Hala, Ormaiztegin zaharberritzea behar duen pilotalekua bisitatu zuten eta Mutiloan jada berritzen ari diren Errotatxo eraikina.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.