Bidegabekeriak harrapatzen zaituenean eta lanean jarraitu behar
Lerro hauek idazten ditugu abenduaren 26an Lidl-k Olaberrian duen dendan gertatutakoa zabaltzeko asmoz. Oso markatuta geratu zaigu Olaberriko Lidl dendan lan egiten dugun guztioi. Egun horretan, arratsaldeko txandan, gure lankide bat bulegora eraman zuten, enpresako hiru pertsonaren artean, kaleratua izan zen benetako oinarririk gabe, eta ateraino lagundua lankideekin agurtzen utzi gabe.
Oraindik gertatu zena sinistu ezinik gaude. Gure lankidea erreferente izan da eta da gu guztiontzat, bai lan arloan, bai arlo pertsonalean.
25 urtez ez du inolako arazorik izan lanean, portaera bikaina izan du, oso inplikatuta egon da enpresarekin eta beti saiatu da lankideen ongizatea bilatzen. Une onak eta txarrak igaro ditugu elkarrekin. Bizitza erdia baino gehiago eman du enpresa honetan lanean, osasuna eta aisialdia hipotekatuz. Eta horrela ordaindu diote!
Argi daukagu guztiaren oinarria abenduaren 7an eta 9an lan-baldintza eta soldata duinen alde egin genuen greban kokatzen dela. Greba egitea langile guztien eskubidea da, eta ez da onargarria horren ondorioz kaleratzea.
Horregatik, gure lankidea berrartzeko eskatzen diogu enpresari. Eta herritarrak, ostiralero arratsaldeko 18:00etan kaleratzea salatzeko burutuko ditugun elkarretaratzeetan parte hartzera animatzen ditugu.