CAFeko akziodunen batzarra: alfonbrapean ezkutatutako zikinkeria
Ekainaren 14an, larunbatez, CAFeko akziodunen urteko batzar nagusia ospatuko da. Bertan, kontseilari delegatuak ziurrenik berriro ere harro azalduko ditu taldeak kudeatzen dituen datu ekonomiko puztuak, eta enpresaren hedapen eta dibertsifikazio-estrategian berretsiko da, beste hainbat gairen artean. Beste kontu batzuk ez dira ordea inolaz ere jorratuko.
Langileok, %24 inguruko akzioak izanda ere, ez dugu ez ahotsik ez bozkarik akziodunen batzar horretan, ezta beste inolako erabaki-forotan ere; horregatik, ez dugu inolako gaitasunik zuzenean enpresaren norabidean eragiteko. Horrela, azken zortzi urteetan, 200 milioi euro inguruko dibidendua banatu dute; filial eta azpikontratetan prekarietate-politika zabaldu dute; edo CAF Jerusalengo kolono tranbian sartu dute, langileon (akziodun nagusien) iritzia kontuan hartu gabe.
Gaur egun, CAF taldeak Euskal Herrian bakarrik 20 enpresa inguru eta 5.000 langile baino gehiago ditu zuzenean lanean (eta ehunka lanpostu enpresa auxiliarretan). Errealitate desberdinak eta lan-baldintza oso ezberdinak zuzendaritza honen politikaren ondorio dira.
2024an goi-zuzendaritzako zortzi pertsonaren artean 2,8 milioi euro banatu zituzten. Taldeko hainbat filialetan, langileek ez dute 1.300 euro hileko irabazten, eta urteko 1.700 ordu baino gehiagoko lanaldiak dituzte.
Bien bitartean, CAF barruan, Europako enpresa-batzorde berria osatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du. Taldearen barruko esperientziak partekatzeko eta errealitate ezberdinak ezagutzeko, foro interesgarria izan daiteke. Hala ere, Euskal Herriko langileon ordezkaritza ez dago bermatuta, CCOOk euskal langileak subjektu propio gisa parte hartzea ukatzen jarraitzen duelako. Sindikatu horrek, bere interesen neurrira egindako txiringito berri bat “apaintzeko”, ez dagokion ordezkaritza bereganatu nahi du. Ezer berririk ez.
Batzuen irabazi-gosearen gainetik eta zenbait sindikaturen interes propioak gaindituz, langileek LABekin antolatzea benetako hobekuntzak lortzeko bidea dela ulertu dute. Horrela, dagoeneko lehen sindikatua gara ordezkari kopuruan eta alde handiz langile gehien ordezkatzen dituen sindikatua CAF taldearen barruan.
Laster hasiko da CAF S.A.ko lantokietan negoziazio kolektiborako prozesua. Taldeko beste enpresa batzuek, hala nola, TRENASA, Rail Line edo CAF Power, hainbat borroka garatu dituzte beren baldintzak hobetzeko. CAF Signalling edo Geminys bezalako lantokietan langileen ordezkaritza dagoeneko antolatuta dago.
Beraz, CAFeko zuzendaritzari eskatzen diogu langile-ordezkaritzari ahotsa eman diezaiola enpresako erabaki-foro ezberdinetan, baita akziodunen batzar honetan ere; taldeko langileen lan-baldintzak zuzendu ditzala eta negoziazio kolektiborako prozesuak erraztu ere; etorkizuneko Europako enpresa-batzordean, Euskal Herriko langileek ordezkaritza propioa izateko aukera bultzatu dezala; eta azkenik, herri palestinarraren lurrak kolonizatzen jarraitzeko garraiobidea erabiltzea helburu dutenekin negoziorik egin ez dezala eskatzen diogu.
Aipatutako aldarrikapen hauek, ez dira akziodunen batzarreko gai-zerrendan egongo, baina gutxienez bertaratu direnen artean presente egon daitezela.