Kontuz hitzekin!
Azken bolada honetan «ekosistema» hitza modu traketsean erabiltzen ari da. Hedabideetan maiz entzun eta irakurtzen dira enpresa ekosistema, lan ekosistema, ekosistema turistikoa, landa garapenaren ekosistema, ekosistema digitala, zaintzen ekosistema, kirol ekosistema, ekintzailetzaren ekosistema, ikerketa ekosistema, finantza ekosistema, berrikuntza ekosistema, adimen artifizialaren ekosistema, kulturgintzaren ekosistema edo etxebizitza ekosistema bezalako adierazpenak. Adibide horietako bakoitzean gai jakin batekin zerikusia duten hainbat gizarte eragileren elkarrekintza dago. Honenbestez, gizarte sistemak dira denak.
Ekosistema, berriz, hainbat izaki bizidunek, haien ingurune fisikoak eta horien guztien arteko eta barneko elkarrekintzek nahiz materia- eta energia-trukeek osatzen dute.
Adibidez, ibai ekosistema.
Gizarte sistemak eta ekosistemak errealitate oso ezberdinak dira eta komeni da bakoitza dagokion hitzarekin izendatzea.
Hizkuntza ondo erabiltzea funtsezkoa da, honek gure munduarekiko dugun ulerkeran eragiten baitu.