Norberak bere lotsak
Festak bertan behera geratu ziren aspaldi, baina balkoi-ak herriko ikur koloretsuz apaintzea bultzatu zuten; egitarau bat ere argitaratu da, hainbat ekintzen ordutegiak zehaztu eta agintariek ere parte hartu dute. Zertan gara? Jaiak baziren edo ez ziren?
Malgutasun neurriaz baliatuz, era berezian bada ere, jaiak buruan ezezik kalean ere izan ditugu, ostiraleko zorigaitzeko gertakariak tarteko. Emaitza? Espero zitekeena. Gazteek hilabete makur hauetan izan duten portaera eredugarriari, tentazio lotsagarria jarri zaiolakoan nago, ordutegi mugak, distantzia soziala zein zapuztutako jaien mezuekin batera, Udal Gobernuak alarma egoeraren erdian jendea festara xaxatu duelakoan.
Auzo lotsa aipatu zuen Alkateak, barkamen eskeak, kargu uzteak eta sare sozialak ematen duten bozgorailu intimoan, norberaren bekatua ezkutatzeko auzokoarena erakutsi eta salatzen da. Debeku, isun, arau, eta agindu sistema honek, kontzientziaz aritzea baino, aginduak nola saihesteko ingenieritzan murgildu gaitu. Norbere interesak aurretik jarrita, Tapia Sailburuak, ezinbesteko jarduerak baliatuz, lantegiak irekitzeko trikimailu juridikoak egin zituen, pandemiak gogorren astindu gintuenean; Osakidetzako Larrialdi arduraduna zein Sestaoko Ertzain Nagusia Castrora joan zirenean, Raxoy kirolean harrapatu zutenean, erosketak egunean hainbat aldiz egitera atera garenean… arduragabekeriaz aritu gara.
Guztiok egin dugu arau hausteren bat, baina Herri arduradunek, arauak betearazi behar dituztenek, ezin dute tranpa horietan erori. Nire hutsak isun batekin ordaindu ditzaket, baina Herri arduradunek karguarekin ere bai. Eta gure Alkatea, garbi al da festen sua piztu eta lehen harria munduaren bistan botatzeko? (egun horretan mundua zelako Beasainera begira). Ba ni ezezkoan nago, berak ere zertaz lotsatu, damutu, barkamena eskatu eta agian kargua ere uzteko hutsen bat egina izan dezakeelako. Leihoetako zelatariak denontzat baitaude…
Eta lotsaz ari garela, gure diruz ordaindutako musukoekin hauteskunde kanpainako ‘opari banaketa’ ekitaldian udal ordezkariak ez ezik, bi alderdi nagusietakoak ikusteak, barruak mugitzen dizkit. Banaketa hori ezin zen beste modu batean egin?
Esan bezala, bekatuz libre denak bakarrik salatu dezake norbait, eta guztiz garbi denak, apaltasunez, ez luke inor salatuko. Beraz besteen lotsak bakean utzi, norberarenak zaindu, eta apaltasun apur bat gehiago.