Goierriko Hedabideok ere eraman dugu Korrikaren lekukoa
Intza Agirrek eta Enara Arratibelek eraman dute, harpide guztien izenean, Oriamendi kalean dugun bulegoaren parean hartuta, 2.306 kilometroan
Goierriko Hedabideok ere eraman dugu Korrikaren lekukoa. Beasainen hartu dugu, Oriamendi kalean dugun bulegoaren parean, eta metro batzuk egin ditugu guk ere euskararen aldeko aldarriarekin bat eginez. Gurea 2.306 kilometroa zen.
Lekukoa 10 urte bete berri dituen Intza Agirre itsasondoarrak, eta Zumarragan bizi den Enara Arratibel zumarragarrak eraman dute, gure harpide guztien izenean. Gure lekukoa eramateko aukera harpideei zabaldu genien, eta zozketa bidez aukeratu genituen Goierriko Hedabideak osatzen dugun komunitate osoko ordezkariak. Intzak amona Belen Garmendiaren ordez egin du korrika, berez bera suertatu zen aukeratua.
Ilusioz beterik hurbildu dira bi lekuko eramaileak gure bulegora petoaren bila. Kerman Garralda Goierriko Hitzako zuzendariak entregatu dizkie, eta argazkia ateratzeko baliatu dugu momentua.