Irailaren 26ko greba orokorrerako deialdia egin du ELAk N-1 errepidean
Tolosaldeko Hitza. ELA sindikatuak irailaren 26ko greba orokorrerako deialdia egin du N-1 errepidean, Iruratik Villabonara doan zatian. Tolosaldeko eta Goierriko 120 ordezkari elkartu dira eta greba orokorrarekin bat egiteko eskatu die errepidetik pasa direnei kartelak erakutsiz. Egoitz Iturbe eskualdeko koordinatzaileak azaldu duenez, “ikusten ari gara hedabide nagusiak grebaren zabalpenik ez direla egiten ari, eta eskualdean amorru hori atera nahian egin dugu protesta hau. Arazo handi bat dago Euskal Herrian eta horren sozializazioa egiteko eta murrizketei ezezkoa emateko egin dugu deialdi hau”. Iturbek gaineratu du aste hau funtsezkoa dela: “Gaur, bihar eta etzi egingo dira batzar gehientsuenak, besteak beste, enpresa garrantzitsuenetan”. Dagoeneko lau enpresa handitan grebari baiezkoa eman diote: Munksjo Paper (Eldua, Berastegi), Aralar Paperela (Amezketa), Prodema (Legorreta) eta Gruas Jaso (Idiazabal). “Gure erronka aste honetan erreferentzia diren enpresetan baiezkoa lortzea da eta hurrengo astean ziur beste ekintza bat egingo dugula”, esan du Iturbek.