Goierriko hainbat lantegik bat egin dute jada hilaren 26ko grebarekin
Goierriko hainbat enpresak eta lantegik bat egin dute dagoeneko hilaren 26rako egindako greba deialdiarekin. ELA eta LAB sindikatuak elkarrekin agertu ziren atzo prentsaren aurrean, eta orain arte asanblada edo bozketa egin duten enpresa guztietan, langileek grebaren aldeko jarrera erakutsi dutela azaldu zuten. Besteak beste, CAF, Jaso, Indar, CIE, Guerra Hermanos, Hine, Prodema eta Aluminox daude horien artean. Gainontzeko lantegietan, gaur edo astelehenean egingo dituzte batzarrak.
ELA eta LAB sindikatuek, krisiaren aurrean «Madrilgo, EAEko eta Nafarroako gobernuek» erakutsi duten jarrera salatu dute, izan ere, sindikatuon ustez «krisiaren erantzuleak saritzen jarraitzen dute, herritarren gehiengoa zigortzen duten bitartean». Raxoyren gobernua «murrizketa eta neurri basatiak» aplikatzen ari dela azaldu dute, eta hori, «eskubide sozial eta laboralen lapurreta berri bat» dela. Prestazioen murrizketa, BEZaren igoera, sektore publikoaren pribatizazioa eta osasungintzan ezarri duten berrordainketa aipatu dituzte neurri horien artean. Bitartean, ordea, bankuei 100.000 milioi euro bideratu dizkietela salatu dute.
Hala, egungoa «inoiz ikusi den iruzurrik handiena» dela uste dute sindikatuek. «Pobreziara kondenatzen gaituzte, guzti-guztiok, baina batez ere kolektiborik babesgabe eta prekarizatuenak: gazteak, emakumeak, pentsiodunak, etorkinak, ezgaitasunen bat duten pertsonak eta guraso bakarreko familiak».
Espainiako gobernuak hartutako neurriak ez ezik, «egun Gasteizen zein Iruñean gobernatzen ari direnak, iruzur erraldoi horren laguntzaileak» direla uste dute ELA eta LAB sindikatuek. Zentzu horretan, «Madrildik exijitzen dituzten murrizketa guztiak inposatzeaz» gain, bertan ere hainbat murrizketa aplikatu dituztela diote, hala nola diru sarrerak bermatzeko errentarena (EAEn) edo oinarrizko errentarena (Nafarroan).
Murrizketen aurrean, «beste eredu baten alde egiteko ordua» dela uste dute ELAk eta LABek; «gizarte parte-hartzean oinarritutako eredua, aberastasuna eta lan produktibo eta erreproduktiboaren bidezko banaketan oinarrituko dena». Azken batean, «ekonomia pertsonen zerbitzura eta ez merkatuen zerbitzura jarriko duen eredua». Hala, «murrizketa eta neurri antisozial» gehiago aplikatu ez daitezen, mobilizaziorako deia egin dute.