Imanol Alesonek irabazi du Ehunmiliak ultratrail proba
Hogeita hiru orduen azpitik iritsi da Imanol Aleson Beasaingo helmugara, 168 kilometroko ibilbidea osatuta. Zehazki, 22:59:19ko denbora egin du azkoitiarrak. Haren atzetik iritsi da Javi Dominguez, hamar minutura (23:09:22). Domingezek hainbat arazo izan ditu bidean zehar, eta Lizarrustira arte lasterketaren buruan joan bada ere, handik Etxegaratera bitartean aurrea hartu dio Alesonek. Etxegaraten Joxelu Albizuri izan da hirugarrena, baina ordubete eta 10 minutuko atzerapena zeraman. Minutu gutxi barru iritsiko da Beasaingo helmugara.
Proba gogorra izan dela esan du eta “txakalaldi batzuk” ere izan dituela bidean. Indarrak berreskuratu eta “aurrera”, halaxe esan du helmugara iritsi denean. Beroak zaildu du proba, eta hori ere aipatu du Alesonek. Dominguezen zai egon da helmugan, eta ordulari azpian elkartu direnean elkar besarkatu dute. Jendearen txalo artean iritsi dira.
Ehunmiliak probako lehen edizioa irabazi zuen Alesonek orain lau urte, bigarren edizioan ondoezak jota utzi egin behar izan zuen eta iaz bigarren egin zuen. Aurten lortu du bigarren garaipena. Dominguezek ere parte hartu izan du aurretik; iaz, G2H proba egin zuen, eta baita irabazi ere. Gaur, ordea, lasterketa luzea nahiago duela esan du, “mendiaz gehiago disfrutatzen delako. Inguru ikaragarriak dira eta mendiaz gozatzeaz gain izugarri polita izan da izarrak eta tximistak ikustea”, adierazi du.
Emakumezkoetan ere, azken erreferentziak Etxegaratekoak dira. Nerea Fernandez doa aurrena (20:46:35) eta Jaione Sasieta ezkiotarra bigarren (21:45:28). Erreferentzia horien arabera, podiuma Maddi Arrazolak osatuko luke.