Atez ateko hondakinen bilketari ezetz esan diote ehunka herritarrek, Ordiziako kaleetan barrena egindako manifestazioan. Atzo iluntzerako egina zuten deialdia EAJ eta PSE-EE alderdiek, eta erantzun zabala izan zuen deiak. Bi alderdi horietako ordezkariek zeraman pankartak, "Atez ate ez" lema zeraman; bigarren pankarta batek, atzerago, "5. edukiontziari bai" zioen, atez atekoaren kontra 2.691 sinadura jaso zituztela gogoraraziz. Manifestazioan zehar, atez atekoaren eta alkatearen kontrako oihuak entzun ziren.
Geltokietako jaietako berritasunik handiena gaur eguerdian egin duten Pintxo Tourra izan da. Zortzi tabernek parte hartu dute, eta pintxoak dastatu dituztenek emandako bozak zenbatu eta gero, Apain tabernak eraman du saria. Txiribiri taila elkarteak emandako kutxa jaso du Apaineko nagusiak sari gisa. Apainen bakailao pintxoa egin dute, eta pintxo horrek izan du arrakastarik handiena boto emaileen artean.
Iritsi dira G2H mendi lasterketako aurreneko korrikalariak, eta Iñaki Catalan irundarra izan da denetan azkarrena, 11:05:07ko denbora eginda. Bigarren iritsi da Juan Romano bermeotarra, hiru minutu eta erdira (11:08:48); gizonezkoen podiuma Gaizka Barañano amurrioarrak osatuko du; irabazlearengandik 9 minutura sartu da helmugan (11:14:17).
Ordu beteko atzerapenarekin, baina abiatu dira Goierriko Bi Handiak probako korrikalariak ere. Eguraldia dela-eta, 00:00etan irten dira Beasaingo Loinazko San Martin plazatik, eta antolatzaileen erabakien ondorioz, ezin izango dute Txindoki igo. Hala jakinarazi diete korrikalariei ere gua erdia puntuan zenean. Bihar helmugan, 10:00ak alderako espero dute G2Hko aurtengo lehen korrikalaria.