Fundiciones Estanda lantegia, artxiboko irudian.
SOS Deiak larrialdi zerbitzuak jakinarazi duenez, lan istripua izan da gaur Beasaingo Estanda galdategian, matxeria arloan. Buruan jasotako golpe baten ondorioz hil da langilea. LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, hildakoa 58 urteko Jose Kruz Garmendia Mendizabal ordiziarra da, baina Tolosan bizi zen.
Larrialdi zerbitzuetatik adierazi dutenez, 16:25ak aldera jaso dute deia, baina osasun zerbitzuetakoak bertaratu direnerako, hilda zegoen langilea.
Lan istripua salatzeko Estandako langileek 24 orduko lanuztea egingo dute. Bihar 12:00etan elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrean.