Urretxuko Santa Anastasia jaien egitaraua aurkeztu berri du jai batzordeak. Aitor Otegi jaietako zinegotziak azaldu duenez, «egitarau zabala, oparoa eta anitza» izango da aurtengoa. Santa Anastasia jaien antolaketan «inoiz baino jende gehiagok» hartu du parte oraingoan. Uztailean zehar egin dituzten bileretan «50 bat pertsona» aritu dira lanean.
Atzo arratsaldean Goierri Beheko hainbat herritako gazteek Ikasle Abertzaleaken aurkezpena egin zuten Ordizian, ikasleei borrokara batzeko deia eginez. Taldearen aurkezpenak egingo dituzte bihar Goierri Garaiko zein Beheko institutuetan: San Beniton, Txindokin, Goierrin eta Urretxu-Zumarragako Ikastolan bihar jolas orduetan. Joxe Mari Iparragirren eta Jakintzan ere hurrengo egunetan egitekoak dira, baina, oraindik ez dute zehaztu.
Alex Albisuak kirol denda dauka Zumarragan. Familia negozioa da berea, orain urte batzuk bere esku hartu zuena. Krisiaren testuinguruan merkatarien egoera «makala» dela eta, Albisuari «renove plana» martxan jartzea otu zitzaion. Zapata berezi batzuk oinarri, zaharrak jaso eta berriak beherapenarekin saldu ditu ekainean eta uztailean. Guztira, 50 pare jaso ditu. Bigarren eskuko plastikozko eskalapoiak Saharako kanpalekuetara bidaliko ditu Goierri garaiko Hare Haizea elkartearen bitartez.