Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle ezkiotarrek irabazi dute itzulpeneko Euskadi saria
Iñaki Mendiguren ezkiotarrak eta Sarah Turtle bere emazteak irabazi dute Itzulpeneko Euskadi saria, Tom Sawyer-en abenturak eleberri klasikoaren itzulpenagatik. Mendigurenek bigarrengoz irabazi du sari hau. Lehenengoz duela 11 urte irabazi zuen, Harry Potter eta sekretuen ganbera liburuarekin.
Oraingoan ilusio berezia egin dio, emazteak eta biek elkarrekin sinatu duten lehen itzulpena baita. «Emaztearengatik poztu naiz batez ere. Izan ere, azken 40 urte hauetan asko lagundu dit eta nire itzulpen lan guztien atzean egon da. Nire hiztegi eta gramatika liburu onena bera izan da».
Emazteak «engainatuta»
Turtle ingelesa da eta Ingalaterran zeuden Galtzagorri elkartekoek Tom Sawyer-en abenturak liburua itzultzea proposatzeko deitu zienean. «Emazteak engainatuta eman nien baiezkoa: proposamena jaso bezain pronto jatorrizko bertsio bat eskuratu genuen eta berari itzultzeko oso zaila iruditu zitzaion, baina ez zidan ezer esan. Esan izan balit, ez nuen eskaintza onartuko».
Liburua iazko Gabonetarako argitaratu zuen Galtzagorri elkarteak, Klis-klasikoak bildumaren baitan. Mendigurenek ez zuen Euskadi saria irabaztea espero. «Ez gara sarien bila ibiltzen eta, gainera, sariez ase nago. Lana izatea da egun saririk handiena», esan du.