Goierriko zortzi 'herriko taberna' konfiskatuko ditu Auzitegi Nazionalak
Espainiako Auzitegi Nazionalak duela minutu batzuk jakinarazi du 35/02 sumarioaren edo ‘herriko tabernen’ auziaren sententzia. Bertan jasotzen duenez, 111 taberna konfiskatuko dituzte, “ETArekin eta haren inguruarekin harremana” dutela frogatutzat eman eta gero. Horien artean leudeke Goierriko zortzi herriko taberna.
Tabernen inguruko epaiaz gain, auzipetuentzako zigor eskaerak ere jakinarazi dituzte. Hala, Jon Gorrotxategi beasaindarrari urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio, baina epe hori kartzelaldian egina duenez, ez du presondegira joan beharko. Zigorrik gogorrenak, 3 urtekoak, Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Joseba Alvarez, Juan Cruz Aldasoro eta Karmelo Landa buruzagientzat izan dira.
Edozein kasutan, defentsak helegitea aurkezteko asmoa azaldu du. Iñigo Iruin abokatuak adierazi du Gorenean aurkeztuko dutela, eta epaia tinkoa izan arte ez dela epaia beteko.
Clara Bayar epaileak boto partikularra eman du auzipetu guztiak absolbitu behar zirela iritzita.
Atera berri den sententzian jasotzen denez, guztira 111 herriko taberna dekomisatu ditu Auzitegi Nazionalak. Horien artean, Goierriko 8 daude:
- Aldiri elkartea (Urretxu)
- Ama Lur (Zumarraga)
- Antsoategi elkartea (Lazkao)
- Arrano elkartea (Beasain)
- Elorri elkartea (Segura)
- Irriki elkartea (Ordizia)
- Legazpi Eginez (Legazpi)
- Osinberde elkartea (Zaldibia)
- Seguran, 20:00etan bilduko dira plazan.
- Ordizian, 20:00etan plazan.
- Beasainen, 20:00etan Bideluzen.
- ‘Herriko tabernen’ auziaren kronologia, Berrian.