EAJko Beasaingo kontseiluak esan duenez, “errekurtsoa aurkezteko epea iraungita dago”, baina “oraindik” ez dute “espedientearen izapideaz inongo informaziorik eskuratu”. Gaur bertan jakin du EAJk dagoeneko amaitu dela Bista Alaiko kasuan epailearen erabakiari errekurtsoa jartzeko epea, eta hori beasaindarrei esateko eskatu die jeltzaleek Bilduko kideei.
Horrez gain, Bista Alaiko kasuak eta Patxi Plazaola alkate ohia auzitegietara eramateak izan duen kostua aitortzeko eskatu dute: “Bilduren udal gobernuari gogor eskatzen diogu Beasaingo herriari aitor diezaiola zehazpen espedienteak eragin duen kostua, bufeteen ordainsariak eta teknikarien lan-orduak barne hartuta. Ez diegu gehiago eskatuko”.
Bide batez, 2007 eta 2011 arteko legegintzaldian “irtenbide egokia bideratu zuten udal talde guztiei” esker ona adierazi diete EAJko kideek. “Gizalegezko jokabidea eta sozialki aproposa” izan zela gehitu dute, baina “Bilduk, ordea, asmo gaiztoz delitu bihurtu nahi izan” duela esan dute.