Ameztiren urte amaierarako proposamenak
Astelehenean Arabako lurretan egin zuten ibilaldia. Hurrengo irteerak Ameztira eta Aizkorrira izango dira. Datorren astean datorren urteko mendiko lizentziak berritzeko hitzordua jarri dute.
Zegamako Amezti mendi elkarteko kideek ekintzaz betetako urte amaiera dute aurretik. Abenduaren 8an, astelehenean, ekin zioten urteko azken hilabeteko egitarauari. Donemiliaga udalerriko Galarreta (Araba) eta Zalduondo (Araba) herrietako lurretan dauden “haritz ikusgarrietan zehar” egin zuten ibilaldia. “Ibilaldi hau duela hiru aste egitekoa zen, baina elurtearen ondorioz atzeratu genuen”, argitu du Asier Berasategi, Ameztiko kideak.
Bisitatu zuten hariztian Mindutxa haritza edo Galarretako aitona bezala ezagutzen den haritz bat dago (argazkian); “diotenez 600 edo 700 bat urte ditu. Bitxikeria moduan esan, enborrean irekidura handi bat daukala eta barnean 7 edo 8 pertsona sartzeko lekua daukala”, amaitu du.
Bi irteera eta lizentziak berritzea
Datozen asteetarako ere ez da mendi irteerarik faltako Zegaman. Hurrena, igande honetan izango da, abenduak 14. Aitxuri herri eskolako ikasle eta gurasoekin batera, Amezti mendira urteroko irteera egingo dute. Hamaiketakoa, egiten duen eguraldiaren arabera, Urretanea baserrian edo elkartean egingo dute guztiak elkarrekin.
Abenduaren 19an, datorren urteko mendi lizentziak berritzeko hitzordua jarri dute Amezti elkartean, 19:00etatik 21:00etara. Lehendik federatuta daudenak e-mail bat jasoko zuten dagoeneko, eta kudeaketa helbideratze bidez egin daitekeela gogorarazi dute Ameztitik. Gainerakoan, aldaketak egin edo zalantzak argitzeko elkartera gerturatzea gomendatu dute. Urtean zehar irteeretan parte hartu dutenek afaria egingo dute gero, “urteko ibilaldien eta beste zenbait konturen errepasoa eginez”.
Bigarren eta azken irteera, tradizioarekin jarraituz, abenduaren 31koa izango da, Aizkorrira. Irteera honekin emango diote amaiera denboraldiari, baian aurreratu dute, “2026rako ere Euskal Herri osoko zenbait txoko ezagutzerako egutegi ederra” prest dutela dagoeneko.













