Goierriko EAJ: "Bildu gehiengo osoaz baliatzen da Sasieta Gipuzkoa osoko zabortegi bihurtzeko"
Aitor Aldasorok eta Itziar Agirrek ohartarazi dute, "koalizioak prebarikatuko duela hondakindegia ixteko gordetako dirua gunea iragazgaizteko erabiltzean"
EAJk nabarmendu duenez, “Bildu erakundean daukan gehiengoaz baliatzen ari dela bere proiektua aurrera ateratzeko. Izan ere, Eusko Jaurlaritza eta oposizioa aurka azaldu dira, eta mankomunitateko idazkariak ohartarazi du Bilduk prebarikatu egingo duela bere planarekin aurrera egin eta zabortegia ixteko gordeta zegoen dirua erabiltzen badu gunea iragazgaitzeko”.
Jeltzaleek gogoratu dute “Sasieta itxita dagoela gaur egun ingurumeneko gutxiengo baldintzak betetzen ez dituelako. Hala ere, Bilduk, zabortegia behin betiko itxi beharrean, berriro zabaldu nahi du, etsi-etsian, Gipuzkoako hondakinei irtenbidea bilatzeko, lurraldeko gainerako zabortegiak itxita baitaude eta ez baita nahikoa hondakinak Funesera (Nafarroa) eta lohiak Burgosera eramatearen soluzioa”.
Era horretan, “Bilduk, Sasietako Mankomunitatean daukan gehiengoaz baliatuta, hilaren 14an onartu zuen zabortegia ixteko gordeta zeuden 3 milioi erabiltzea gunea iragazgaiztu eta hondakinak Beasainera eramatea ahalbidetzeko”. EAJk azpimarratu nahi izan duenez, “Eusko Jaurlaritzak ezekoa eman zion Mankomunitateak gunea iragazgaitzeko luzatutako eskaerari. Bilduk ingurumen baimena eskatu behar zuen, bai eta datuak bildu ere iragazgaitzeko lanak arrazoitzeko, baina ez du hala egin, eta ardura besteei pasatu nahi die orain, sortu duen barrabaskeriaren ardura berea ez balitz bezala”, kritikatu dute jeltzaleek. Zentzu horretan, Bildu salatu du “Mankomunitateko ordezkarien jarrera, Jaurlaritzaren gomendioei entzungor egin eta zabortegia iragazgaitzeko 3 milioi erabiltzea proposatzeagatik. Alegia, gunea behin betiko ixteko gordeta zegoen dirua erabiltzeagatik Sasieta Gipuzkoa osorako zabortegi bilakatzeko”.
Aldasorok eta Agirrek gogora ekarri nahi izan dutenez, “Sasietako presidente eta Lazkaoko alkateak, Azeari Su Makila Andonegik, txostena bidali zion 2013. urteko martxoan Beasaingo alkateari,eta bertan esaten zion Sasietako Mankomunitatean aurreztu zuten dirua zabortegia ixteko zela. Txostena 1999/31/CE zuzentarauan eta 1481/2011 Dekretuan oinarritzen zen, eta argi uzten zuen, legearen arabera, aurreztutako dirua zabortegia ixteko bakarrik erabil zitekeela. Mankomunitateko idazkariak ere hala adierazi zien Sasietako presidenteari eta batzarrari ohartarazi zienean prebarikatuko zutela diru hori iragazgaitzeko lanetan erabiltzen bazuten. Hala eta guztiz ere, presidenteak bozketa egitea erabaki zuen, eta Bilduk, gehiengoaz baliatuta, aurreztutako dirua lan horietara bideratzea onartu zuen”.
Goierritar jeltzaleek jarraitu dutenez, “bilera berean, gainera, Bilduko ordezkariek onartu zuen GHKrekin akordioa sinatzea bi helbururekin. Lehengoa, 3 milioiko lanak ordaintzea Gipuzkoa osoko hondakinak zabortegira eraman ahal izateko. Bigarrena, Sasietak jasotzen duen hondakin tonengatik diru kopuru bera kobratzea. Hori dela eta, jeltzaleek ondorioztatu dute Mankomunitatea osatzen duten herriek ordaindu beharko dituztela iragazgaizteko lanak bere osotasunean”. Zentzu horretan, “Bilduren mankomunitateko ordezkarien jarrera onartezina da: emandako hitza bete eta zabortegia itxi ordez, hondakinak eramaten jarraitzea onartu dute eta, hori gutxi balitz, obrak ordaintzea ere bai. Iraunkortasunaren adibide bikaina da, goierritarrei %53 garestituko zaielako zaborren zerga. Bilduren eta Errazkin diputatuaren gezurrak pilatzen ari dira”.
Jeltzaleek Bilduri egotzi diote “herritarrak manipulatzen eta engainatzen jarraitzea. Inposizioa ezartzen dute, eta horren adibide da Sasieta zabortegi amaiezin bilakatzea Goierritarren kontura. Sasieta Bilduren beste totem bat izango dela, atez atekoaren txintxilikarioekin gertatu zen bezala”.