EH Bilduk Sasietaren eta GHKren arteko hitzarmena defenditu du, eta EAJ jo du "irtenbide" hori zapuztearen erantzule
Azken egunetan Sasieta Mankomunitatearen 1,6 milioi euroko desfaseaz azaldu diren informazioen aurrena, Goierriko EH Bilduk Sasietaren eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren artean adostuta zeukaten ituna defenditu du gaur, beste behin. EAJk hitzarmen horri jarraipenik ez ematea “aurrez landutako erabaki politikoa” izan dela deitoratu du koalizioak.
EH Bilduren aburuz, aurreko agintaldiaren bukaeran adostu zuten hitzarmena. Sasietaren zabortegian hainbat egokitzeko lan burutzeko geldialdi teknikoa egin ondoren, Gipuzkoako beste eskualde batzuetako zaborrak jasotzen jarraitzea zen asmoa, tonako 78,45 euro kobratuta. Beasaingo zabortegian “urtebeteko gaitasuna” badago oraindik, hondakinak botatzeko: “167.000 tona inguru jasotzeko”.
Ekarpen horrekin, Sasietak 13 milioi pasako diru sarrerak izango zituzkeela azaldu du EH Bilduk. Obren gastua (lohiak egonkortzea 1,7 milioi, iragazgaiztea 3 milioi) eta aktibitatearen funtzionamendu gastuak (urteko kudeaketa gastuak 3 milioi, lixibiatuen tratamendua milioi bat) kenduta, Sasietak “4.401.150 euroko emaitza positiboa” izango zukeen.
Ituna “Sasietaren egoeraren irtenbidea” zela defenditu du EH Bilduk. Hori eten izana EAJren ardurapekoa dela gaineratu du, eta “herritarren kalteko izango ez den alternatiba bat” mahai gainean jartzeko eskatu dio. Koalizioaren aburuz, gaur egungo GHKrekin hitzarmena berriro negoziatu, batzarrean onarpenerako aurkeztu, eta sinatu egin beharko litzateke.