Joxe Migel Barandiaran eta abenduaren 31ko urtemuga, liburu batean jasota
Jose Migel Barandiaranek egunerokoak idazteko zaletasun handia zeukan. Aldi berean hiru kaiera osatu ohi zituen, zenbait garaitan: pertsonala, profesionala, eta une hartan lanean ziharduen indusketa arkeologikoarena. Bere burutazioen eta ibileren berri emateari 1917an ekin zion, hil aurretxora arte jarraitzeko (1991n hil zen).
Orain, Barandiaran Fundazioak eta Nafarroako Gobernuak Abenduaren 31 Jose Migel Barandiaranen bizitzan liburua atera dute. Egun horretan betetzen zituen urteak etnologo ataundarrak. Eguneroko pertsonalean data horretan 1924tik 1988ra bitartean idatzitakoak bildu dituzte liburuan, hark ipinita bezala eta testuak errespetatuz. Fundazioan daukate salgai, 10 euroan (945 14 30 66).