Jon Odriozola gazte legazpiarrak Jiu Jitsuko Munduko Txapelketa jokatuko du martxoan, juniorren mailan. Aste batzuen faltan, gogor entrenatzen ari da, txapelketan ahalik eta paper onena egiteko asmoz.

Jon Odriozola legazpiarra 4 urterekin hasi zen Legazpiko Judo eta Jiu Jitsu eskolan, anaia zaharrenaren pausoak jarraituz. Datorren hilean beteko ditu 16 urte, eta dagoeneko bost aldiz jarraian irabazi du Jiu Jitsuko Espainiako Kopa bere kategorian. Azkeneko aldiz, iaz, juniorren mailan. Nahikoa ez, eta Espainiako Federazioak Munduko Txapelketa jokatzeko hautatu du lehenengo aldiz. Martxoaren 18an izango da txapelketa, Madrilen, eta Odriozola gogor entrenatzen ari da. Begirada eta gogoa data horretan jarriak ditu legazpiarrak.
Otsailaren 6an Madrilen egin zituzten entrenamendu batzuetan hautatu zuten Odriozola. «Ez nuen espero, eta asko poztu nintzen», adierazi du. Hilabete eskas falta dela, «urduri, baina gogo handiarekin» sentitzen da legazpiar gaztea. Falta diren asteetan gogor entrenatuko duela esan du, eta txapelketan ahal duen guztia ematen saiatuko dela.
«Sekulako mutila da»
Jose Manuel Paternain entrenatzailearen esanetan, Odriozolak hainbat ezaugarri positibo ditu. Batetik, flexibilitatea. Bestetik, bere adinerako «nerbio handia» duela eta oso lehiakorra dela adierazi du Paternainek. «Ez da geldirik egoten, eskubaloien ere jokatzen du; sekulako mutila da».
Txapelketarako ahalik eta ongien prestatzen saiatuko dira Legazpiko Judo eta Jiu Jitsu eskolan. Hiru irakaslek elkarlanean ematen dituzte eskolak: Paternainek, Asier Berasategik eta Maria Clavelok. Hiruen artean prestatuko dute txapelketarako ere. «Entrenamendu oso gogorrak egingo ditugu, oso fisikoak, erresistentzia lortzeko; eta teknika ere asko landuko dugu».
Txapelketan ahalik eta paper onena egitea da Odriozolaren eta Paternainen helburua. Izan ere, irabaztea zaila ikusten dute. Paternainen esanetan, Europa mailan askoz herrialde indartsuagoak daude jiu jitsuan. Esaterako, Frantzia, Suedia, Alemania eta Italia. Kirola hedatuagoa dago herrialde horietan, eta gazteak hobeto prestatuta egoten dira.
Txapelketetan badu esperientzia Odriozolak. Beroketak egiteko garaian oso urduri egoten dela adierazi du, baina behin tatamira atera eta agurra eginda, bat batean urduritasuna joan eta lehian konzentratzen da. Borroka bakoitza kanporaketa bat izaten da txapelketa horietan: irabaziz gero, aurrera, eta galduz gero, etxera. «Pantaila batean ikusten dugu zeinen aurka borrokatzea tokatzen zaigun, eta gure izena entzundakoan ateratzen gara tatamira» .
Etorkizunean, irakasle
Judoan eta defentsa pertsonalean gerriko beltza du Odriozolak. jiu jitsuan, berriz, marroia. Bere asmoa aurrerantzean ere kirola egiten jarraitzea da, eta, egunen batean, jiu jitsuko irakasle izatea. «Beste batzuei irakatsi nahi diet nik dakidana».
Paternainen hitzetan, oso garrantzitsua da herriko gaztetxoek Odriozola bezalako erreferentzia bat izatea jiu jitsuan, kirolak indarra har dezan. «Gainontzeko ikasleak motibatzeko ere balio digu; entrenamenduetan xaxatu egiten ditugu, esanez: ‘Tira, orain Joni irabazi behar diozue!’». Pozik daude irakasleak, baita ikaskideak ere.