Zaldibiako eta Zegamako bi lagun bikotek 8. Panda Raidean parte hartuko dute, Madriletik abiatu eta Marrakechen bukatu. Marokon zazpi etapa dituzte, Fiat Panda auto banarekin.
Erdi opor, erdi abentura izango dute lau goierritarrek larunbatetik aurrera, astebetean. Panda Raid lasterketaren 8. ekitaldian parte hartuko dute Joseba Berasategi zegamar eta Jon Zubiaurre azkoitiar lehengusuek, batetik, eta Manex Mendizabal eta Aitor Ordozgoiti zaldibiar lagunek, bestetik. Marokon barrena 3.500 kilometro egingo dituzte, 21 urteko Fiat Panda auto banatan.
Bi bikoek estreinako aldia dute raid horretan, eta elkarren berri jakin gabe eman zuten izena. Guztira 200dik gora auto joango dira. Zazpi etapa dira denera. Zaldibiarrek 67 zenbakidun dortsala dute, eta zegamarrek 204a dute.
Ostiralean 16:30ean irtengo dira Goierritik Madrilera. Zapatu goizean egiaztapen teknikoak egin, eta Algeciraseraino iritsiko dira. Raidaz kanpoko bidaia horiek ere Fiat Pandan egingo dituzte; joan-etorria gehituta, 5.500 kilometro dituzte, denera.
Ferrian itsasartea pasatuko dute igande goizean 07:00etarako, eta berehala hasiko da abentura: Tangerretik Mamora basoraino. Atlas mendien inguruan ibiliko dira gero. Hirugarren etapa da luzeena, Maroko iparretik hegora zeharkatuko dutelako. Raidaren zati handiena hegoaldeko desertuetan garatuko da.
Nabigatzailerik gabe
Antzinako erako raida da Pandazaleena. Ezin dute GPS nabigatzailerik eraman. Antolakuntzak emandako
roadbook edo bidaia-liburua, iparrorratza eta mapa soilik. Orientazio gaitasuna, gidaritza iaiotasuna eta arazoei unean-unean aurre egiteko ahalmena beraiek jarriko dute.
«Ez da abiadura lasterketa bat, batez bestekoa betetzekoa baizik. Antolatzaileek esango digute nondik nora joan behar dugun etapa bakoitzean. Iparrorratza erabiltzen Interneteko tutoretzetan ari gara ikasten, ideiarik ez geneukan eta», dio, umorez, Joseba Berasategi zegamarrak.
Beharrezko guztia autoan eraman behar dute: janaria, eguneko 10 litro ur eta 20 litro gasolina, su itzalgailua, lo-zakua, eta elkartasunezko materiala. Panda bete-beterik joango dira. «Trasteak, pisua, gu bezalako bi gizakume… abiadura kontua ezin dela izan garbi dago».
Zailtasun bat hizkuntza izango dute. «Bestea, Afrikako kontinentean eta basamortuan ibiliko garela. Matxurak konpontzeko, piezak aldatzeko, eragozpena izan liteke. Kotxeko lekuagatik, erreminta askorik ezin dugu eraman», dio Berasategik.
1.1eko motorra eta 54 zaldi
Bi taldeei «errespetu handiena» kotxea hondatzeak ematen die. Mimoz prestatu dituzte, ukitu daitekeen gauzetan, behintzat. Ezin baita Fiat Panda asko aldatu. Raidaren helburua bera jatorrizko ibilgailua errespetatzea ere badelako. Kotizatuak dira.
Bi Panda autoek 1.100 zentimetro kuboko motorra dute, eta 54 zaldi potentzia ematen dute.
Berasategik urte hasieran erosi zuen Fiat Panda; Eskoriatzako aitona batena izandakoa da. Raiderako gehitu diona esekidura, karter-babesgarria eta goiko aire-hargailua dira. Mendizabalek iazko maiatzean ekarri zuen Fiat Panda, Leondik.
«Abiatu behintzat egingo gara», diote. Afrika zain dute.
Eskola-umeentzat materiala eramango dute
Abenturari eta Panda autoen zaletasunari egiteaz gain, elkartasunari ere tokia egingo diote goierritarrek. Panta Raidak helburu solidarioa ere badu, Caminando al Sur (Hegoalderantz Oinez) gobernuz kanpoko erakundearen bidez.
Marokoko hegoaldeko eskoletara lehen beharretarako materiala daramate goierritarrek, autoan bertan. Gutxienez 20 kilo izan behar dute. Gehiago daramate, Pandaren maletategiaren kabidak eman ahala.
Berasategi-Zubiaurre bikoteak 40 bat kilo material bildu dute. Eskolarako materiala (koadernoak, axotak, arkatzak, motxilak…), hortz eskuilak eta pasta, baloiak… emango dizkiete. Bizikletaren bat edo beste ere sartuko zaie.
Zaldibiarrek jostailuak ere bildu dituzte. Pixoihalak eta umeentzat esne-hautsa dira aukeratutako beste gai batzuk. Sabaian parrilla baduten arren, material guztia barruan eramateko gomendatu diete. Orratzik ez da sartzen jada.