Euskal alderdietako ordezkariek erabakitzeko eskubidearen inguruan hitz egin dute Seguran
Iparra-Hegoa kultur egitarauaren barruan, Kataluniako eta Euskal Herriko erabakitze eskubidearen inguruko hiru mahai-inguru egin dituzte egunotan. Atzo arratsaldean izan zen azkena, protagonista euskal alderdi eta gizarte eragileak zirela. Erabakitzeko eskubidearen inguruan jardun zuten Luke Uribe-Etxeberria (EAJ), Pernando Barrena (Sortu), Iker Elizalde (EH Bai) eta Angel Oiarbide (Gure Esku Dago).
Luke Uribe-Etxeberriak, “herri bat garela, subjektu politikoa garela eta erabakitzeko eskubidea dugula” gogorarazi zuen, eta horretan alderdi abertzaleak ados daudela, nahiz eta gero gai jakinetan ezberdintasunak izan. Katalunian erabakitzeko eskubidearen arloan “hiru pauso aurrerago” daudela eta askotan “enbidiaz” begiratzen diegula dio, baina bera ziur dago, “hemen galdetuz gero ea hau herri bat den eta erabakitzeko eskubidea dugun, %80ak baietz” erantzungo lukeela. Pernando Barrenak berriz, “bake prozesu bat martxan jartzeko beharra” sumatzen du, “gatazkaren ondorioak itxi gabe” daudelako oraindik. Kataluniako eredua hartuta, “gizarte zibila alderdien aurretik” joan dela eta tira egin duela azaldu zuen, eta Euskal Herrian ere “horrelako mugimendu potente bat” behar dela.
Angel Oiarbidek ere, Kataluniako eta Eskoziako ereduak aipatu zituen, baina euskaldunok “geure eredua eraiki” behar dugula deritzo. Herrietan “mesfidantza handia eta zubiak apurtuta” zeuden garaian sortu zen Gure Esku Dago, eta oraindik ere, “joste lan hori” egiten jarraitzen dutela azaldu zuten, “konfiantza eraikitzeko”. Izan ere, Oiarbideren ustez, “jarrera aldaketa bat” behar da, eta “indarrak elkarrekin adostasunean duguna” bilatzen jarrriz gero, “beste liga batean” jokatuko genuke.
Azkenik, Iker Elizaldek Ipar Euskal Herriko alderdien eta eragileen artean izandako elkarlana izan zuen hizpide. Batera mugimendua sortu zenetik EH Bai koaliziora arte, lurraldetasunak eta erabakitzeko eskubideak elkartu ditu eragile ezberdinak. Gaur egun, “Ipar Euskal Herrirako egitura instituzionalaren inguruko kontsentsua” bilatzen ari dira. Hori lortuz gero, “Ipar Euskal Herriarentzat aurrerapauso handia” izango litzatekeela azaldu zuen, izan ere, “158 herriren egitura bat eta lurraldetasuna finkatuta geldituko bailitzateke frantses legalitatearen baitan”.