«Munduko txapelketa jokatzeko hautatua izatea sari bat izan da»
Ane Encina (Eskubaloi jokalaria)
Uztailaren 3tik aurrera junior mailako munduko eskubaloi txapelketan jokatuko du Ane Encinak (Legazpi, 1997), Espainiako selekzioarekin. Gozatzea izango du helburu nagusia.
Noiz hasi zinen eskubaloian jokatzen?
Eskola kirolean probatu nuen, beste hainbat kirolekin batera. Jokatzen, ordea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailan hasi nintzen. Legazpiko La Salle taldean hasi nintzen. Egia esan, kirol guztiak nituen gustuko, baina nire inguruko jendea —lagunak eta lehengusinak — eskubaloian hasi zen, eta ni ere bai.
La Salle Legazpi taldean hasi, eta zein beste talde pasa dituzu?
La Sallen lau urte egin nituen, kadete mailara arte. Gero, Usurbilen egin nituen bi urte. Eta, aurten, Ermuako Errotabarri taldean nago, senior mailan. Horrez gain, astean behin Bera Berako lehenengo taldearekin entrenatzen dut. Agian, datorren urtean, astean bitan hasiko naiz Bera Berarekin entrenatzen. Dena den, partidak Errotabarrirekin jokatzen ditut.
Nabarmentzen da aldea Bera Berarekin entrenatzean?
Bai, nabarmentzen da aldea. Beste erritmo bat dute entrenamenduek. Azken finean, Bera Berakoak Espainiako onenak dia, eta beste seriotasun bat nabari da. Nik ere asko ikasi dut haiekin entrenatuz.
Baduzu esperantzarik egunen batean Bera Berako jokalaria izateko?
Ez dakit. Oraingoz, ondo nago nagoen bezala. Bilbon ari naiz fisioterapia ikasten, eta Donostia urruti samar geratzen zait egunero joateko. Orain, astean hirutan joaten naiz Ermuara, eta batean Donostiara. Astean egun bakarra geratzen zait entrenamendu gabe.
Zein alorretan nabarmentzen zara eskubaloian?
Erdigunean jokatzen dut. Txikitatik izan dut postu hori. Ez naiz oso altua. Hortaz, kanpotik baloia atera botatzea ez da nire puntu fuertea. Pase onak egitea da nire lana.
Orain junior mailako munduko txapelketa jokatzeko aukeratu zaitu Espainiako selekzioak.
Maiatzaren 29tik ekainaren 5era Guadalajaran (Espainia) izan ginen. Han hiru partida jokatu genituen, lagunartekoak. Aurreko astean zerrenda atera zuten munduko txapelketarako hautatutako jokalariekin, eta zerrenda horretan nire izena zegoen. Hemeretzi joan ginen Guadalajarara, eta hamasei aukeratu gaituzte. Ekainaren 19tik uztailaren 1era berriro joango gara Guadalajarara, entrenatzera. Eta uztailaren 3rako Moskura (Errusia) joango gara, munduko txapelketara.
Gustura zaude aukeratu zaituztelako?
Bai. Gainera, sei euskaldun goaz, eta ezagutzen dugu elkar. Giro ona dugu gure artean. Nire erronka gozatzea izango da. Denboraldi osoaren ostean, hau sari bat izan da niretzat. Ahalik eta ongien jokatuko dut, eta besterik ez. Gainera, Errusia apur bat ezagutzeko aukera ere ematen dit honek; ea tarte libreren bat dugun bisitaren bat egiteko.
Espero zenuen aukeratua izatea?
Ez. Izan ere, inoiz ez dut jokatu selekzioarekin, eta urte hasieratik zerrenda nahiko finkatua zegoen. Pentsatzen dut norbait berria nahiko zutela, edo bajaren bat egongo zela.
Agentinaren aurka duzue lehenengo partida. Badakizu nolako taldea den?
Ez daukat ideiarik ere. Taldeko batzuek esaten dute Alemania izango dela indartsuena, baina gero ikusi beharko da.
Gerora eskubaloian jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, badut jarraitzeko asmoa. Eskubaloiak asko eman dit; batez ere, jende asko ezagutzeko aukera. Horrez gain, nire errutinatik ateratzeko modu bat da, esaterako, ikasketetatik.
Legazpiko taldearekin harremanik baduzu?
Ez asko, baina oso eskertuta nago Legazpiko taldeak nigatik egin duenagatik. Usurbilera joan nintzen arren, beti animatu naute aurrera jarraitzera.