Lurpe zabortegian sutea izan da
Larunbat gauean, sutea piztu zen Mutiloako Lurpe isurtegian. Industri hondakinak pilatzen ari diren tokian sugarrak sortu ziren, eta inguruko bizilagunek 23:20a aldera eman zuten abisua. Suhiltzaileak eta Ertzaintza bertaratu ziren. Gau guztian sutan egon zen hondakindegia, igande goizera arte. Lurrarekin estalita lortu zuten, azkenean, itzaltzea. Ketza handia sortu zuen, eta ke beltz zutabea urrutitik ikusten zen atzo eguerdian oraindik.
Suteak kezka ere eragin zuen inguruko herrietako bizilagunengan. Garrak nabarmen ikusten ziren Mutiloa, Gabiria eta Ormiztegitik. Industri hondakin inerteak botatzen ditu Lurpe isurtegian Cespa enpresak (Ferrovial taldea). Udatik aurrera, Gipuzkoako hiri hondakinak ere han sartuko dituzte.