Mutiloa-Ormaiztegi bide berdea biziberritu nahian
Duela zortzi urte eraiki zuen Mutiloako Barnaola baserria eta Ormaiztegi Lierniatik barrena lotzen dituen bide berdea. Garai batean mea garraiatzeko erabiltzen zuten trenbidea oinarri hartuta, 4,5 kilometroko bidea osatu zuten, oinezkoentzat nahiz mendiko bizikleta erabiltzen dutenentzat egokituta. Bide berde hori “baliabide garrantzitsua” dela azaldu du Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Orekarako Diputatuak, gaur Mutiloara egin duen bisitan. Iñaki Ugalde alkateak lagunduta, bide berdea eta haren inguruan urtean zehar egiten diren ekintzak ezagutzeko aukera izan du Garmendiak, eta prest agertu da “konpondu, biziberritu eta aktibitate gehiago” emateko ahalegin guztia egiteko.
Goierriko turismo eragileekin eta udalekin elkarlanean, bide berdeak eskaintzen dituen “aukera guztiak aprobetxatu” nahi dituztela azaldu du Garmendiak. “Mugikortasun jasangarria eta osasuntsua bultzatu nahi dugu, eta bide honek balio izan dezala turismo jasangarriaren arloan herri eta eskualde mailan garapen ekonomikoa lortzeko eta enplegua sortzeko ekimen ezberdinak bultzatzeko”.