Javi Dominguez, atzo, Usurbeko gainean
Azpeitiako anoagunera iritsi eta handik abitzeko zegoen unean komunikatu zioten Javi Dominguez ehunmiletako azken urteotako irabazleari, proba neutralizatzeko erabakia hartu zuela antolakuntzak. “Polita izan zen iraun zuen bitartean”, horiek izan dira Dominguezek berak esandako hitzak. 54. kilometroan amaitu zen berarentzat aurtengo Ehunmilak. Lasterketan aurreneko postuan zihoan eta esan duenez “zortea izan” zuen, “ekaitzak harrapatu ez” ziolako. “Urrutian tximistak ikusten” zituela ere esan du, “urrutitik ikusteko ikuspegi oso polita, baina azpian harrapatuz gero beldurgarria” erantsi du. “Ekaitza dagoenean hirian, zerua apurtzen dela badirudi, mendian hare beldurgarriagoa da, tximistak gainera erortzeko arriskua baitago” nabarmendu du.
Lehenik, G2H proba etetea izan zen antolakuntzak hartutako erabakia. Dominguez, Azpeitiako anogunean zegoela hartu berri zuten erabakia, baina ekaitza bata bestearen atzetik zetorrela ikusita, Ehunmilak ere neutralizatu lehenik, eta azkenean, bertan behera uztea erabaki zuten. “Hasiera batean uste nuen ekaitza pasa egingo zela eta horren zain geldituko ginela, horrela, ordu batzuen bueltan probarekin jarraituko genuela pentsatzen nuen, baina segituan esan zidaten ezetz”, nabarmendu du korrikalari arabarrak.
Antolakuntzak hartutako erabakiarekin “guztiz ados” agertu da “segurtasuna baita lehenetsi behar dena”. Ehunmilakeko antolakuntzari dagokionez “guztietan onena” dela nabarmendu du eta oraingo egoera berezi honen aurrean ere “erabakiak hartu eta erreakzionatzeko ahalmena dutela erakutsi dute”.