Jazpana jaialdiko giroa eta kontzertuak azpimarratu dituzte antolatzaileek
Hiru egun luze izan dira antolatzaileentzat eta kolaboratzaileentzat. Hala ere, dena ez da lana izan, eta festarako eta jazpanarako denbora ere hartu dute Jazpana! Fest jaialdiko arduradunek. Eta eurekin batera aurten jaialdira gerturatu diren 2500 pertsona inguruk. Iaz baino jende gehiago etorrri da aurten Beasaingo jaialdira, antolatzaileen arabera. Antolatzaileek «dena oso ondo» atera dela esan dute, eta taldeek Beasainen egoteko egin duten ahalegina eta erakutsi duten maila azpimarratu dute: «Ikaragarrizko kontzertuak ikusteko aukera izan da berriz ere aurtengo jaialdian». Kontzertuez gain lehiaketak izan dira beste behin jaialdiko ekintzarik nagusiena. Saskibaloi eta Skate txapelketetan parte hartze handia izan da. Ez horrenbeste Guitar Hero lehiaketan. Argazki lehiaketarako berriz, parte hartze handia espero dute antolatzaileek, «jaialdian jende asko ikusten baitzen argazkiak ateratzen».Lehiaketarako argazkiak jazpana@live.com helbidera bidali behar dira azaroaren 30a baino lehen. Argazkiak Fliker-en zintzilikatuko dituzte. Aurrerantzean jaialdiak Facebook webgunean duen orrialdetik Jazpanako materiala ere erosi ahalko da, «materiala agortu arte». Ogitartekoa ere berezia Kikara eta Hiruarri tabernako kideek Beasaingo odolkiarekin, piper gorriekin eta hirugiarrarekin Jazpana ogitartekoa sortu dute jaialdirako. «Goierrin ondo jaten dela argi geratu zaie musikari guztiei».