Odolkien erregea aukeratuko dute bihar Beasainen
Bihar egingo da aurtengo Odolkiaren Erregea aukeratzeko urtero Beasaingo Odolkiaren Kofradiak antolatzen duen lehiaketa. 26. aldia izango da aurtengoa, eta urtero bezala, lehiaketa eta bertako produktuen eta ardo azoka egingo da. Lehiaketan parte hartu...
Bihar egingo da aurtengo Odolkiaren Erregea aukeratzeko urtero Beasaingo Odolkiaren Kofradiak antolatzen duen lehiaketa. 26. aldia izango da aurtengoa, eta urtero bezala, lehiaketa eta bertako produktuen eta ardo azoka egingo da.
Lehiaketan parte hartu nahi duten odolkigileek, gaur arratsaldean aurkeztu behar dituzte lehiaketarako prestatu dituzten odolkiak. Bareak elkartera eraman behar dira odolkiak, 16:00etatik 21:00etara bitartean.
Martin Urkiola Beasaingo Odolki Kofradiako lehendakariak zehaztu du bihar lehiaketa 11:30ean hasiko dela. Hala, «13:00ak aldera sari banaketa egiteko moduan izango gara».
Aurten ere epaimahai zabala gerturatuko da Beasaina, tartean hainbat sukaldari, kofradiako kideak eta komunikabideetako arduradunak. Karlos Argiñano sukaldari ezagunak zuzendu behar zuen epaimahaia, baina ez du etortzerik izango eta Eva Argiñanok beteko du bere lekua.
Taberna, pintxoak eta azoka
Lehiaketak irauten duen bitartean odolki pintxoak jateko aukera egongo da Gernika pasealekuko pilotalekuan kofradiak jarriko duen tabernan.
Odolkiaz gain ordea, bertako produktuak erosteko eta ardoa edateko aukera ere egongo da Barrendain plazatik pilotalekura bitartean egingo den azokan. Iruñatik etorriko den gaztaina egile batek ere jarriko du postua bihar Beasainen, odolkiekin batera otordua osatzeko.