Bihar amaituko da Urretxuko XXIII. Mineralogia eta Paleontologia Astea
Urretxuko Ederrena pilotalekuan atzotik egiten ari diren mineral, fosil eta harribitxien erakusketa eta XXIII. Mineralogia eta Paleontologia astea bihar amaituko dira. Hainbat txokotatik gerturatutako erakusle, saltzaile eta aditu bildu dira Ederrenan egun hauetan, eta dagoeneko zaletuentzako erreferentzia bihurtu da Urretxuko azoka. Bihar izango da erakusketa bisitatzeko azken eguna.
Zaletuen nahiak asetzeaz gain ordea, beste hainbat ekintza egiteko aukera ere egongo da asteburu osoan XXIII. Mineralogia eta Paleontologia astea dela eta. Natura eta argazkilaritza gogoko dituztenei zuzenduta Joaquim Callén argazkilariak ikastaro teoriko praktikoa egingo du gaur eta bihar Ederrena pilotalekuan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Ikastaroaren helburua “ezagutza eskuratzea eta arlo ezberdinetan praktikatzea” izango da. Josep M. Serrano eta Montse Baguék berriz, harribitxiak lantzen irakatsiko dute ordu bete inguruko ikastaroan. Harribitxiak nola zerratu, forma eman, leundu eta inprimatzen diren erakutsiko dute bihar 12:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 19:00etara. Ibilaldi geologikoa bizikletan Goierriko Zikloturismo Sailak eta azokako antolatzaileek antolatuta, ibilaldi geologikoa egingo dute bihar. 10:30ean Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko dira ibilbidean parte hartuko dutenak eta Aizpurutxo auzoraino joango dira bizikletan. Kretazeoko arroka bolkanikoetan sortutako formazio geologikoa ezagutu ahalko da ibilaldian.
Haurrek ere badute denbora non igaro, urtero bezala Gernikako Arbola plazan Mineralogia eta Paleontologia parkea irekita egongo baita bihar ere goiz eta arratsaldez. Parkean historiaurreko gizonek margotzen zuten moduan aritzeko aukera egongo da. Bota handiak jantzita uretan urrea bilatu ere ahalko da eta aurkikuntza paleontologikoak ere egin ahalko dira. Kaskoa, mailua eta betaurrekoak jantzita mehatzean lanean ibiltzeko aukera ere badago, eta nahi dutenak dinosaurio ere bihurtu ahalko dira. Urrelur azokaz eta haurrentzako tailerrez gain, Juan de Lizaratu aretoan Amalur erakusketa ikusgai egongo da, eta Urrelur museoan Mundu zabaleko piritak erakusketa. Bi erakusketetan bisita gidatuak egingo dituzte gaur eta bihar 17:30ean eta 18:30ean.