Hamazazpi odolkigilek parte hartu dute gaur Beasainen egin den XXVI. Odolki Lehiaketan, eta guztien artean odolkirik onena aurkeztu duena Beasaingo Mujika izan da. Hala, Juan Inazio Mujika da aurtengo Odolkien Erregea. Alaba besoetan duela eta ikusleen txalo artean igo da oholtzara saria jasotzera. Sariarekin “oso pozik” dagoela aipatu du. Lehiaketara hamaika odolkigile goierritarrek aurkeztu dituzte odolkiak, eta lehen sailkapena igaro duten bederatzi odolkiak goierritarrek egindakoak izan dira. Ordiziako bi harategi, Beasaingo lau eta Segura, Ormaiztegi eta Ezkio-Itsasoko bana heldu dira finalera. Epaimahaiko hainbat kideren ustez gainera, finalera igaro diren bederazi odolkiak maila altukoak izan dira. Hiru orduko lana Goizeko hamaiketan hasi dira epaimahaiko kideak Gernika pasealekuko pilotalekura gerturatzen, eta ordubiak inguruan eman dute jakitera irabazlearen izena. Hiru orduz hamazazpi odolkigileen odolkiak dastatu dituzte epaimahaiko kideek, tartean Iban Mate eta Iker Markinez sukaldari goierritarrak eta Eva Argiñano, Illarramendi, Kattalin eta Urkiola jatetxeetako nagusiak eta Bainet produkzio etxeko langileak. Lehenik odolkiaren itxura eta mozterakoan odolkia hestetik asko irtetzen den baloratu dute epaimahaiko kideek. Lehen galbahea gainditu duten odolkien zaporea izan dute kontuan lehiaketako bigarren zatian. Jende ugari aurten ere Odolki lehiaketak urtero erakartzen du jende asko, eta aurten ere hala izan da. Gernika pasealekuko pilotalekua jendez bete da, eta askok odolkia ere [...]