Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako finala jokatuko du Azurmendik igandean
Maila Nagusiko Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finala jokatuko du Iñaki Azurmendik igandean Asteasun (Gipuzkoa). Arriarandarraren zortzigarren finala izango da aurtengoa eta, beste behin faboritoa Floren Nazabal bada ere, “lana ondo egiter...
Maila Nagusiko Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finala jokatuko du Iñaki Azurmendik igandean Asteasun (Gipuzkoa). Arriarandarraren zortzigarren finala izango da aurtengoa eta, beste behin faboritoa Floren Nazabal bada ere, “lana ondo egitera” joango da finalera Azurmendi. Forma onean dagoela dio gainera, eta “Donostian bezala Nazabalek huts egiten badu gainontzeko bost aizkolariok aukera dugu txapelketa irabazteko”.
Azurmendirekin eta Nazabalekin batera Joxemari Olasagasti, Juan Jose Lopez, Joseba Otaegi eta Jexuxmari Mujika sailkatu dira finalerako. Aizkolari bakoitzak hamabi pago enbor ebaki beharko ditu: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Finala 12:30ean hasiko da Asteasuko pilotalekuan.