Zumarragako Ospitaleko zuzendaritzak eta udal ordezkariek lankidetza sustatuko dute
Zumarragako Ospitaleak Goierri eta Urola Kostako -Azpeiti eta Azkoiti- 90.000 bat biztanle atenditzen ditu. Ospitaleko zuzendaritzak jakinarazi duenez, “udal ordezkariekin lankidetza sustatu asmoz, bilera bat egin berri dugu”. Hiru alkatek parte hartu zuten eta herri guztietako ordezkaririk ez zen egon, “bilera gehiago egingo ditugu”.
Ospitaleko zuzendari Jon Guajardok osasun zentroaren misioa, bisioa eta baloreen gainean aritu zen. Ildo estrategikoen berri eman zien udal ordezkariei eta etorkizunera begira Zumarragako Ospitaleak dituen erronkei buruz hitz egin zien.
Udal ordezkarien aldetik “herritarren ikuspuntua ekarri zuten”. Udalen eta ospitalaren arteko komunikazioa hobetu daitekeela, baita errepidez iristeko dauden arazoak ere. Lankidetza bultzatzea eta osasunaren inguruko gaiak gizarteratzea eskatu zieten udaletako ordezkariek. Ospitaleko zuzendaritzak ordezkariek egindako ekarpenak baliatuko dituztela eta “ekintzak martxan jartzeko prest” agertu dira.