Euskal presoen eskubideen alde ekitaldi sorta antolatu dute egun hauetarako Goierrin
Euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko helburuarekin, hainbat mobilizazio antolatu dituzte egun hauetarako Goierriko herrietan. Urte zahar egunean esaterako elkarretaratzeak, giza-kateak eta presoen aldeko topak egingo dituzte. Urtarrilaren 8rako bestalde, Euskal Herriko alderdi politikoek, sindikatuek eta hainbat eragilek antolatutako manifestaziora joateko autobusak izango dira Goierriko hainbat herrietan.
Eskualdeko hainbat alderdi politikoren eta eragileren arabera, euskal jendarteak eta nazioarteko hainbat erakundek hamarnaka aldiz salatu izan dute «krudelkeria oinarri duen eta sufrimendua besterik ez dakarren» espetxe politika hori. «Gure senide, lagun eta herrikide diren euskal presoen eskubideekin nahi duten bezala jolas egiten dute». Iritzi hori dute, frantziar zein espainiar Estatuek aplikatzen duten sakabanaketa politikaz. «Gaixotasun larriak dituzten presoak gatibu mantentzea, bizitza osoko espetxe zigorra, hiru laurdenak beteta dituzten presoak kartzelan mantentzea, isolamendua, bakartzea, aurrez aurreko bisitetan jasan beharreko tratu iraingarria, elkartasunaren kriminalizazioa… gizabanakoa suntsitzeko eta euskal jendartea bete-betean kolpatzeko helburuarekin egiten dituzte. Zitalkeria hori ote herri bat justiziazko bakera eraman dezakeen bidea?». Goierriko hainbat alderdi politikoren eta eragileren hitzetan «Euskal Herriaren gehiengo zabalak ezetz dio».
Aldaketa «ezinbestekoa»
Horregatik, goierritarrek ere nahikoa dela diote. «Euskal Herria aro berri baten atarian dagoela sinesten dugu eta lehen premia larrizkoa izan dena, orain are gehiago». Berehalako aldaketak eragitea, «ezinbestekoa» iruditzen zaie: sakabanaketarekin bukatzea, gaixotasun larriak dituztenen kaleratzea, bizi guztiko kartzela zigorra bertan behera geratzea eta espetxe barruan ematen diren «hainbat eskubide urraketarekin» bukatzea. Euskal preso politikoen bizitzak eta beraien senideen bizitzak «inpunitate osoz egunero erruleta zital eta krudelean» ezartzen dituen espetxe politika horrekin bukatu egin behar dela aldarrikatzen dute Goierrin ere. «Edozein demokrazioaren oinarri-oinarrizko betebeharrak liratekeenak baino ez ditugu eskatzen. Justiziazko eta bakezko aro beharko lukeenari arnasa emango dioten neurriak dira, alderantzizkoak, egoera honek alegia, balizko aro berri bati arnasa kendu egiten baitio».
Goierritarrei deia
Horrela Goierriko hainbat alderdi politikok eta eragileek euskal preso politikoen eskubideen alde Bilbon antolatu duten manifestaziora joateko deia egiten diete goierritarrei «guztion esku dagoelako egoera hau aldatzea. Herritar guztioi dagokigun betebeharra dela uste dugulako. Espetxe politika honen bukaerak, aro berri baten hasera ekar dezan. Demokrazia nahi dugulako. Nahikoa delako. Herri honek sufrimenduzko eta bidegabekeriazko aro hau atzean utzi eta bere bidean aurrera egin nahi duelako».
Abenduak 31
- Ataun. Goizean hasita presoen aldeko kantu eskea, baserriz-baserri. 15:00etan hasita kantu eskea San Martinen. 20:00etan plazan kantatuko dute. Gero topa egingo dute.
- Beasain. Giza-katea, 18:00etan tren geltokitik abiatuta. Urtarrilaren 1ean topa, Zubimuzu plazan, 01:00ean .
- Idiazabal. Elkarretaratzea plazan, 19:00etan.
- Lazkao. Elkarretaratzea plazan, 13:00etan.
- Legazpi. Elkarretaratzea Gernika plazan, 19:30ean. Urtarrilaren 1ean 01:00ean topa.
- Legorreta. Elkarretaratzea 20:00etan plazan.
- Ordizia. 18:00etan San Silvestre proban irtengo dira korrika. Urtarrilaren 1ean 01:00ean txupinazoa Gaztetxean. Gero Andres Urdanetaren estatuantopa egingo dute guztiek.
- Segura. Elkarretaratzea plazan, 20:00etan. Urtarrilaren 1ean topa 01:00ean.
- Zegama. 18:30ean hasita presoen aldeko gaztaina jana egingo dute udaletxe aurreko plazan eta 20:00etarako kontzentrazioa antolatu dute.
- Urretxu-Zumarraga. Elkarretaratzea Areizaga-Kalebarren plazan, 19:30ean. Musikariak eta bertsolariak izango dira.
- Zaldibia. 19:00etan presoei gutunak idazteko aukera plazan. 20:00etan kontzentrazioa. Urtarrilaren 2an 12:00etan, argazki mosaikoa egingo dute Etxera hitza osatuz.
- Ataun. Autobusa, Ataundik 15:30ean. Izena ohiko lekuetan.
- Beasain. Autobusa, tren geltokitik 15:00etan. Izena Arranon eman behar da.
- Idiazabal- Segura-Zegama. Autobusa Zegamatik irtengo da 15:30ean eta ondoren Segurara eta Idiazabalera joango da.
- Lazkao. Autobusa, Lazkaotik. Izena emateko zerrendak Herrikoan, Albokan, Giroan eta Martinen daude.
- Urretxu-Zumarraga. Autobusa, 15:30ean Urretxu-Zumarragatik . Izena emateko zerrendak Alkartetxean, Aldirin eta Gaztetxean egongo dira.
- Zaldibia. Autobusa, Zaldibiatik. Izen ematea Joxepanen.