Presoen eskubideak errespetatu ditzaten elkarlanerako konpromisoa hartu dute Lazkaon
Lazkaoko eragile sozial, politiko eta sindikal desberdinek euskal preso politikoen eskubideen urraketa bukatu dadin, elkarrekin lanean jarduteko konpromisoa hartu dute. Azaroan Euskal Herriko eta kanpoko hainbat eragile desberdinetako ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten euskal preso politikoen eskubideen alde eta urtarrilaren 8rako manifestazio baterako deialdia egin zuten. Deialdi horren ondoren, «egoera politikoaren garrantziaz» jabetuta eta guzti horrek beraien herrian ere islada izan zezan, hartu zuten lazkaotarrek biltzeko eta lanean hasteko konpromisoa. Lazkaoko ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Senideak, EHNE, LAB, Goierriko Euskal Eskola, praile eta apaizak, ikastolako, Maizpideko eta Musika eskolako irakasleak, talogileak, kirolariak, musikariak eta beste hainbat lazkaotar elkartzen dira ordutik, presoen gaia ardatz hartuta eta beraien hitzetan «elkarlana guztiz aberasgarria izatera iritsi da». Haratago doan konpromisoa Urte Zahar egunean 13:00etan kontzentrazioa deitu dute Lazkaoko plazan, Egin dezagun urratsa lelopean eta urtarrilaren 8an Bilbora joateko deia egin dute. Beraien iritziz «guztion parte hartzea ezinbestekoa» da eta beraz, lazkaotar guztiak gonbidatu nahi dituzte antolatutako ekimenetan parte hartzera. Lazkaoko alderdi politiko, sindikatu eta eragile horien zeregina, ez da bukatuko ordea, urtarrilaren 8an, Bilboko manifestazioa bukatzen denean. Haratago doa. Elkarrekin harremanetan jarraituko dute eta euskal preso politikoen eskubide guztiak errespetatuak izan bitartean lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. «Sufrimendua besterik ez dakarren espetxe politika honekin [...]
Lazkaoko eragile sozial, politiko eta sindikal desberdinek euskal preso politikoen eskubideen urraketa bukatu dadin, elkarrekin lanean jarduteko konpromisoa hartu dute.
Azaroan Euskal Herriko eta kanpoko hainbat eragile desberdinetako ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten euskal preso politikoen eskubideen alde eta urtarrilaren 8rako manifestazio baterako deialdia egin zuten. Deialdi horren ondoren, «egoera politikoaren garrantziaz» jabetuta eta guzti horrek beraien herrian ere islada izan zezan, hartu zuten lazkaotarrek biltzeko eta lanean hasteko konpromisoa.
Lazkaoko ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Senideak, EHNE, LAB, Goierriko Euskal Eskola, praile eta apaizak, ikastolako, Maizpideko eta Musika eskolako irakasleak, talogileak, kirolariak, musikariak eta beste hainbat lazkaotar elkartzen dira ordutik, presoen gaia ardatz hartuta eta beraien hitzetan «elkarlana guztiz aberasgarria izatera iritsi da».
Haratago doan konpromisoa
Urte Zahar egunean 13:00etan kontzentrazioa deitu dute Lazkaoko plazan, Egin dezagun urratsa lelopean eta urtarrilaren 8an Bilbora joateko deia egin dute. Beraien iritziz «guztion parte hartzea ezinbestekoa» da eta beraz, lazkaotar guztiak gonbidatu nahi dituzte antolatutako ekimenetan parte hartzera.
Lazkaoko alderdi politiko, sindikatu eta eragile horien zeregina, ez da bukatuko ordea, urtarrilaren 8an, Bilboko manifestazioa bukatzen denean. Haratago doa. Elkarrekin harremanetan jarraituko dute eta euskal preso politikoen eskubide guztiak errespetatuak izan bitartean lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. «Sufrimendua besterik ez dakarren espetxe politika honekin bukatu eta aro berri bat zabaldu behar dugu, non eskubide guztiak errespetatuak izango diren».