Legazpiko parroko izandakoak Zuzenbide Kanonikoaren Kodea euskaratu du
Sebastian Uria 1988-1994 urte bitartean izan zen Legazpiko parroko. Geroztik Donostiako Gotzaindegian dihardu, Bikario Judizial kargua betetzen. Sebastian Uriak euskaratuta, oraintsu jarri da salgai Zuzenbide Kanonikoaren Kodea deritzana. Elebiz atera du Donostiako Idatz argitaletxeak, hau da, latinez eta euskaraz, bi zutabe paraleloetan. Erritu latindarreko Eliza Katoliko osorako arautegi oinarrizkoa aurki dezake irakurleak bertan. Kode hau 1983an promulgatu zuen, latinez, Joan Pablo II.ak, Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoaren ildoari jarraituz. Berehala eman ziren argitara hainbat hizkuntzetako bertsioak, baina orain arte ez zen euskarara itzuli. «Liburu mardula bezain dotorea da, eta Kodeak osatzen duten 1752 kanonez gain baditu osagarriak, hala nola: hitzaurreak, aurkibide analitikoa, eta adiztegia. Lexikoaz eta sintaxiaz ahalegin berezia egin duela dio itzultzaileak, testuaren zehaztasuna bilatze eta esanahien nahasketa saiheste aldera”. Helburu hau ere azpimarratzen du: «latinezko testuaren ezaugarriak ahal izanez gero beren horretan eta ñabardurarik galdu gabe itzultzea». Aurkibide orokorrean ikus daitekeenez, zazpi liburu edo ataletan banatuak dira 1752 kanonak, Elizaren esparru guztiak, era zabalean nahiz murritzagoan, hizpide dituelarik Kodeak. Aurkeztu dutenez, «Arau orokorren ondoren (I. liburua), Jainkoaren herria deritzan liburuan (II.a), adibidez, kristau-fededunen obligazioak eta eskubideak azaltzen dira, nola laikoenak hala klerikoenak nahiz erlijiosoenak, eta Elizaren agintaritza gorenarenak bezala Eliza partikularren nondik norakoak ere jorratzen dira. Elizaren irakasteko zeregina [...]
Sebastian Uria 1988-1994 urte bitartean izan zen Legazpiko parroko. Geroztik Donostiako Gotzaindegian dihardu, Bikario Judizial kargua betetzen.
Sebastian Uriak euskaratuta, oraintsu jarri da salgai Zuzenbide Kanonikoaren Kodea deritzana. Elebiz atera du Donostiako Idatz argitaletxeak, hau da, latinez eta euskaraz, bi zutabe paraleloetan. Erritu latindarreko Eliza Katoliko osorako arautegi oinarrizkoa aurki dezake irakurleak bertan.
Kode hau 1983an promulgatu zuen, latinez, Joan Pablo II.ak, Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoaren ildoari jarraituz. Berehala eman ziren argitara hainbat hizkuntzetako bertsioak, baina orain arte ez zen euskarara itzuli. «Liburu mardula bezain dotorea da, eta Kodeak osatzen duten 1752 kanonez gain baditu osagarriak, hala nola: hitzaurreak, aurkibide analitikoa, eta adiztegia. Lexikoaz eta sintaxiaz ahalegin berezia egin duela dio itzultzaileak, testuaren zehaztasuna bilatze eta esanahien nahasketa saiheste aldera”. Helburu hau ere azpimarratzen du: «latinezko testuaren ezaugarriak ahal izanez gero beren horretan eta ñabardurarik galdu gabe itzultzea».
Aurkibide orokorrean ikus daitekeenez, zazpi liburu edo ataletan banatuak dira 1752 kanonak, Elizaren esparru guztiak, era zabalean nahiz murritzagoan, hizpide dituelarik Kodeak.
Aurkeztu dutenez, «Arau orokorren ondoren (I. liburua), Jainkoaren herria deritzan liburuan (II.a), adibidez, kristau-fededunen obligazioak eta eskubideak azaltzen dira, nola laikoenak hala klerikoenak nahiz erlijiosoenak, eta Elizaren agintaritza gorenarenak bezala Eliza partikularren nondik norakoak ere jorratzen dira. Elizaren irakasteko zeregina du titulutzat III. liburuak, bertan hitzaren ministerioa, misio-ekintza, hezkuntza katolikoa eta liburuak ere aipatzen direlarik. Sakramentuak xehetzen ditu gehienbat IV. liburuak, ezkontzari aparteko arreta jarrita. Elizaren ondasun materialak ere arautuak dira (V. liburua), delituek eta zigorrek badute beren tokia (VI. liburua: Zehapenak Elizan). Azkenik datoz Prozesuak (VII. liburua), barne hartzen dituelarik, besteak beste, ezkontzazko prozesuak eta prozesu penalak».
Elizari bezala gizarteari eta euskarari berari ere «ekarpen baliotsua» egin diotelakoan daude argitaratzaileak.
ZUZENBIDE KANONIKOAREN KODEA. Latinez eta euskaraz.
Euskaratzailea: Sebastian Uria
Idatz, Donostia 2010, orrialdeak XLII+802
Prezioa: 30 euro.