Aritz Lasa artxiboko irudi batean.
Aritz Lasa pilotari urretxuarrak garaipena eskuratu zuen atzo, Merino II.arekin batera, Irujoren ordez jokatu zuen lehen mailako binakako pilota txapelketan. Titin III.aren eta Pascualen aurka jokatu zuten bi pilotari gazteek eta 22-21 emaitzaz nagusitu ziren.
Aurrelari urretxuarra «gustura» agertu da emaitzarekin. «Beti bezala, sufritzen ibili ginen, baina azkenen garaipena lortu ahal izan genuen. Garrantzitsuena aukera hori aprobetxatzea zen eta uste dut nahiko ondo egin genuela». Ildo honetan, «ea aukera gehiago etortzen diren» dio Lasak. Martinez de Irujoren ordez aritu zen herenegun Binakako Txapelketan. Txapelketa hasi besterik egin ez denean iritsi zaio aukera urretxuarrari. «Aurten txapelketa luzeagoa da berez. 11 partida dira eta jendeak eskuetatik gehiago sufritzen du. Irujok karga handia zeraman, eta azkarregi iritsi zaio agian txapelketa. Hor suertatu zait niri aukera, eta hemendik aurrera ere aukera gehiago izatea espero dut».
Bikanako txapelketan aritzen zen lehen urtea izanagatik ere, Lasa ez zegoen urduri partida aurretik. «Faboritoak eurak ziren, ez gu. Gu galtzeko ezer izan gabe atera ginen jokatzera eta eurak aldiz, tentsio punttu hori zuten, irabazi behar hori zutelako. Guk dakiguna egin genuen. Lehen zatia oso ondo jokatu genuen eta gero, haiek ematen hasi zirenean, eusten jakin genuen. Hasiberriak izan arren maila eman genuen behintzat» azaltzen du aurrelari urretxuarrak.