ETAko kideak, agiria irakurtzen
Batzuek baikor, besteek sineskaitz. Hala jaso dute Goierriko alderdi politikoetako ordezkariek ETAren agiria. Erakunde armatuak, su eten “iraunkor eta orokorra” iragarri du gaur. Batzuek “aurrerapausoa” eta “eskenatoki berri baterako” bidea ikusten duten tokian, “betikoa” ikusi dute besteek. Orokorrean, alderdi abertzaleak izan dira baikorrenak, eta PSE-EE eta PP ezkorrenak.
«Mendeetako gatazkari konponbide justu eta demokratikoa» emateko beharra azpimarratu du ETAk, Bruselako eta Gernikako adierazpena sinatu zuten eragileekin bat eginez. Arazo horren irtenbidea «elkarrizketa eta negoziazioa lanabes eta euskal herritarren borondatea iparrorratz duen prozesu demokratikotik» etorriko dela gaineratu du. Prozesu horren alde egiteko eta amaierara arte eramateko «borrokan etsi gabe» jardungo du erakundeak agirian jakitera eman duenez, «Euskal Herrian egiazko egoera demokratikoa erdietsi arte».
ERREAKZIOAK:
Patxi Aierbe – Aralar
«Testu zehatzagoa espero nuen; hala ere, atzera bueltarik gabeko erabaki bihurtzen bada, albiste ona da, horrek, denok nahi dugun bake eskenatokira gerturatuko gaituelako. Bruselako adierazpena betetzen du, baina Gernikako akordioa bere osotasunean bete behar dute».
Iñaki Saldaña – Alternatiba
«Gure balorazioa positiboa da, oso ilusionatuta gaude eta orain mugitu behar diren indarrak mugitzea espero dugu. Guk azken komunikatua ere itxaroten dugu, baina hau benetan positiboa izan da, eta ibiltzen hasteko Gernikako akordioan eskatzen genuen pausoa da».
Asier Sarriegi – EA
«Oso gustora gaude, Gernikako eta Bruselako adierazpenetan eskatutakoa betetzen duelako. Komunikatua agian ez da denen gustukoa izango, baina politikari bidea uzten zaio eta hori aurrerapausoa da. Ezker Abertzaleak, EAk eta beste eragile batzuk hartutako bidetik doa».
Luke Uribe-Etxebarria – EAJ
«Komunikatua eta ETAren erabakia era positibo eta baikorrean hartzen dugu. Hori bai, argi jakin behar du ETAk herri honek behin betiko armak uztea eskatzen diola. Ezker abertzalearen pausoak ere oso garrantzitsutzat hartzen ditugu eta baita egiten ari den apustua ere».
Karmele Aierbe – Ezker Abertzalea
«Oso albiste ona da nahiz eta lehendik ere esanda zeukan, baina orain azkoz garbiago azpimarratu du. Aitzakiarik gabeko egoera politiko bideragarri batean gelditzen gara eta herritar guztiok hartu behar dugu lekukoa Euskal Herria independentziaren bidean jarri arte».
Carlos Gonzalez – Ezker Batua
«Albistea oso ona da, baina beharbada testua zertxobait hobetu liteke. Urratsak egiten jarraitzen dute, baina uste dut historian lehen aldiz ETA ezker abertzalearen urratsei segika doala, eta hori ez da orain arte sekula gertatu, baina horrela izan behar duela iruditzen zait».
Juan Inazio Galdos – Hamaikabat
«Albiste positiboa da, batez ere mehatxatuta egon diren guztientzat. Baina ETAk bere amaiera baldintzatzen jarraitzen du eta gu oso exigenteak izango gara, komunikatuan ez delako adierazten ETAren behin betiko amaiera eta hori delako guk nahi dugun albistea».
Julio Herreros – PP
«ETAk atzo eguerdian publiko egin zuen azken agiriak ez du ezer berririk esaten guretzat. Orain arte esandako guztien berdina errepikatzen du eta Alderdi Popularrarentzat ez du inolako esanahirik. Orain artekoen berdina da hau ere eta guk ez dugu gehiagorik esango».
Mikel Serrano – PSE-EE
«Ez da espero genuen albistea. Honek gainera, ez du gure lana kondizionatzen, lanean jarraitu behar dugulako gure herriek behar dutena izan dezaten. Albisteak lasaitasuna ere ematen du, baina aurretik ere halako egoeratan izan gara eta tamalez aurreko egoerara itzuli izan gara».