Gemma Zabaleta sailburua Lanbideko Zumarragako bulegoan izan da
Goizeko hamarrak eta erdiak aldera iritsi da Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte gaietarako sailburua Zumarragara. Urretxuko zinegotzi kargua indarrean du Zabaletak eta ondo ezagutzen du inguru hau nahiz eta aspaldian ez da Urretxuko osoko bilkuratan egon. Zabaleta Zumarragan ireki berri duten Lanbideko bulegoari bisita egitera etorri da Javier Ruiz sailburuordearekin. “Hilabete honetan berrogei bulegoek Zumarragakoaren itxura hartuko dute” esan du sailburuak. Zumarragako bulegoa Lanbide bezala, errotulazioekin, martxan hasi den lehenengoa da. Gipuzkoan 14 bulego irekiko dituzte, Bizkaian 20 eta Araban 9.
Hamaikak aldera Lanbideko bulegoak Nafarroa kalean duen egoitzara iritsi da sailburua eta ordurako komunikabide ugari zegoen barruan eta kanpoan. “Politika aktiboak jarriko ditugu martxan, zerbitzu berritzailea izango da, langabetuei eta enpresei zuzendutakoak. Eskualde mailan lanean dauden erakunde publikoekin eta pribatuekin lan egingo dute bulegoetatik” esan du Zabaleta sailburuak. Komunikabide ugari bildu ditu sailburuak Zumarragan eta beste gai batzuri buruzko adierazpenak eskatu dizkiote Zabaletari, esaterako erretzearen inguruko legeari buruz: “salaketak egiteko baino jendeak informazio eske deitzen du”. Otsailean legea legebiltzarrean onartuko dutenaren aurreikuspena egin du sailburuak. ETAren agiriaren berririk ez zegoen ordu horretan.
Langabezian daudenen “%60ak urtebete baino gutxiago darama egoera horretan eta horrek formazioak eta orientazioak funtzionatzen dutela esan nahi du” jarraitu du sailburuak. Egun 200 enplegu-orientatzaile daude lanean Lanbiden eta “45 gehiago izango dira aurten”. Lanbideko webgunean “900 lan eskaintza dago jada eta 1.000 ikastaro inguru aukeran” amaitu du sailburuak.
Zumarragako bulegoak 20.000-25.000 lagunei zerbitzua ematen die. Aurrerantzean ez ditu Gabiria eta Ormaiztegiko zerbitzuak kudeatuko eta herri horietako biztanleak Beasaineko bulegoan hartuko dituzte. Aurreko urteko azken datuek 1.482 langabetu daudela diote “azaroko datuak dira, abendukoak ez dira oso bestelakoak izango”. Bulegoaren ordutegia 9:00etatik 14:00etara da, etorkizunean arratsaldez ere zabalduko dutela aurreikusten dute “zerbitzuak eta baliabideak egonkortzen direnean izango dela esan digute” dio Lanbideko Zumarragako bulegoko langile batek.