Altzagan pilates kurtsoa antolatu dute aurten ere, bosgarren ikasturtean
Beste urte batez pilates ikastaroa antolatu dute Altzagan Udalak eta Kutxak. Duela bost-bat urte hasi ziren gorputzaren oreka, kontzentrazioa eta arnasketa lantzeko metodoaren ikastaroak ematen, eta erantzun ona izan du. Orain arte 12 bat lagun bildu i...
Beste urte batez pilates ikastaroa antolatu dute Altzagan Udalak eta Kutxak. Duela bost-bat urte hasi ziren gorputzaren oreka, kontzentrazioa eta arnasketa lantzeko metodoaren ikastaroak ematen, eta erantzun ona izan du. Orain arte 12 bat lagun bildu izan dira asteroko saioetan, 160 biztanleko herrian.
Hasi berri den urtean ere jarraitu ahal izango dute altzagarrek, bai lehendik dabiltzanek, bai hutsetik hasi nahi dutenek. Izena emateko epea datorren asteartera arte, urtarrilak 18, dago zabalik. Saioak astean behin izango dira, ostegunetan 20:15etik 21:30era, eta euskaraz. Altzagako kultur etxean ematen dute pilates kurtsoa. Denera 30 orduko iraupena du. Otsailaren 10ean hasiko da, abenduaren 15a arte.
Izena emateko Kutxaren gizarte ekintzaren webgunera jo behar da (kutxasocial.net). Ikastaroaren matrikula 84 eurokoa da.
Programaren arabera arnasketa, kontzentrazioa, zentralizazioa, jarioa eta doitasuna landuko dituzte partaideek, baita giharrak sendotzen eta luzatzen, gorputzaren eta buruaren arteko koordinazioa, gorputzaren zuzentasuna edo lepoa, sorbaldak eta hankak askatzen ikasi ere.