Natura errespetatuz bizi eta hezi
Beasaingo Andramendi ikastolak bere sorreratik garrantzia handia eman izan dio naturarekiko errepestuari, elikadurari eta osasunari eta kontsumo orekatuari. Eta beraien haurrak balio horietan hezten ahalegintzen dira. Andramendi ikastola Eskola Agenda 21eko kide da eta Ekolapikoa proiektuarekin bat eginda dago. Egun beste ekimen bat du esku artean: ikastolaren atarian baratze ekologikoa jartzen ari dira. Duela bi urtetik edo, dator baratzea jartzeko ideia hori. Baina orduan ametsa gehiago zen errealitatea baino. Duela gutxi Tere Irastorza ikastolako zuzendariak aipatu zuen prest egongo liratekeela baratzearekin hasteko eta gurasoek begi onez ikusi zuten ekimena. Horrez gain, laguntzeko eta behar zena egiteko prestutasuna agertu zuten. Horrela hasi ziren lehen urratsak ematen. Udaletxera jo zuten ikastolakoek eta Aitor Aldasoro zinegotziarekin hitz egin zuten. Proiektuaren eta asmoen berri eman zioten eta hark baimena eman zien ikastolaren aurrean dauden lorategietako bat baratze bihurtzeko. Edurne Huesa Goierri beheko Eskola Agenda 21eko teknikaria ere jakinaren gainean jarri zuten. Hark babes osoa eman zien eta laguntza behar bazuten lasai eskatzeko esan zien. Lanean hasita Urtarrilaren 28an hasi ziren lanean lorategiko zati batean. Lurrari buelta eman zioten eta bustia zegoenez, bere horretan utzi zuten. Joan den asteartean, lurra xehetu zuten eta ximaur lehorra bota zioten: Xabi Landak gurasoak baserritik eramandako ongarri naturala. Asteazkenean [...]
Beasaingo Andramendi ikastolak bere sorreratik garrantzia handia eman izan dio naturarekiko errepestuari, elikadurari eta osasunari eta kontsumo orekatuari. Eta beraien haurrak balio horietan hezten ahalegintzen dira. Andramendi ikastola Eskola Agenda 21eko kide da eta Ekolapikoa proiektuarekin bat eginda dago. Egun beste ekimen bat du esku artean: ikastolaren atarian baratze ekologikoa jartzen ari dira.
Duela bi urtetik edo, dator baratzea jartzeko ideia hori. Baina orduan ametsa gehiago zen errealitatea baino. Duela gutxi Tere Irastorza ikastolako zuzendariak aipatu zuen prest egongo liratekeela baratzearekin hasteko eta gurasoek begi onez ikusi zuten ekimena. Horrez gain, laguntzeko eta behar zena egiteko prestutasuna agertu zuten.
Horrela hasi ziren lehen urratsak ematen. Udaletxera jo zuten ikastolakoek eta Aitor Aldasoro zinegotziarekin hitz egin zuten. Proiektuaren eta asmoen berri eman zioten eta hark baimena eman zien ikastolaren aurrean dauden lorategietako bat baratze bihurtzeko. Edurne Huesa Goierri beheko Eskola Agenda 21eko teknikaria ere jakinaren gainean jarri zuten. Hark babes osoa eman zien eta laguntza behar bazuten lasai eskatzeko esan zien.
Lanean hasita
Urtarrilaren 28an hasi ziren lanean lorategiko zati batean. Lurrari buelta eman zioten eta bustia zegoenez, bere horretan utzi zuten. Joan den asteartean, lurra xehetu zuten eta ximaur lehorra bota zioten: Xabi Landak gurasoak baserritik eramandako ongarri naturala. Asteazkenean baba handia sartu zuten zati batean. Beste partea harrotu egin zuten eta ximaurra bota zioten. Atzo berriz, ilarra eta baratxuriak bota zituzten lurrean aitzurra lagun zutela. Baratzean bertako produktuak landatuko dituzte, garaian garaikoak eta gainera ekologikoa izango da. Hazi ekologikoak Xabi Landa gurasoak eraman zituen kanpotik, baina helburua haziak ere beraiek lortzea da.
Helduenak lanean
Baratzean 5. eta 6. mailako ikasleak, Josebe Irastorza beraien irakaslea eta Xabi Landa gurasoa ari dira lanean buru belarri. Landaz gain beste hainbat guraso ere prest dago laguntzeko eta lanean aritzeko. Irastorzak aipatu duenez, une honetan ikaslerik zaharrenak dabiltza lanean, baina, denek parte hartzea nahi dute, adinaren arabera lan desberdinak eginez. «Badirudi etxean ditugun produktu denak dendatik datozela, baina hori ez da horrela eta haurrek jakitea nahi dugu. Naturak duen indarra ikustea ere gure helburuen artean dago, eta aldi berean baita natura zaintzen eta errespetatzen ikastea ere».
Itxitura
Laster itxitura egingo diote baratzeari, batetik eremu horretan txakurrak noiznahi sartzen direlako eta bestetik, «gune ireki bat izan arren, ikasleek zein helduek barrura sartzeko arrazoi bat behar dela jakin eta ikasi dezaten». Itxitura egiteko urritza erabiliko dute txirikordatuta, eta ondoren ate bat jarriko diote. Gaur Beasaingo baserri batera joango dira urritzak ikustera eta tamainaren arabera ondo datozkienak aukeratzera. Itxitura egiteaz eta barazkiak sartzeaz gain, masusta eta mugurdi landareak ere landatuko dituzte «naturala hori delako», baina azkar zabaltzeko joera dutenez, zaindu egingo dituzte gehiegi hedatu ez daitezen. Bertako sendabelarrei ere egingo diete lekua, hala nola, kamamilari, asunari, azeri buztanari, berbena belarrari… Eta loreak ere landatuko dituzte, esaterako, larrosa. Hasieran lorategiaren zati batzuk dauden bezala utziko dituzte, baina beharren arabera hartzen joango dira. «Gaizki ateratzen dela? Ez gara adituak eta gaizki zer egin dugun aztertu eta ikasiz joango gara» dio irribarrez Josebe Irastorzak.